Akordioa adostu dute CEMOSAko zuzendaritzak eta langileek

Anboto 2015ko abe. 4a, 12:16

LAB sindikatuak jakitera eman duenez, atzo sinatu zuten akordioa. "2013tik enpresako hitzarmena berriztu barik zegoela" salatu eta "prekarietatearen kontrako neurriak eskatzeko", greba burutu dute lantegi horretako beharginek, azaroaren 23tik 30era.

Prentsa ohar batean azaldu ditu LAB sindikatuak akordioaren nondik norakoak. "Azpikontratazioak mugatzea, lan poltsa bat eratzea, 25 langileri kontratu finkoa egitea, kontratazio berrientzat lan baldintza berdinak bermatzea, amiantoarekin lan egin izan dutenen kasuetan Osalanen protokoloak betetzea, langileen arteko bidegabeko ezberdintasunak ezabatzea, eta soldatetan KPIren igoerak bermatzea", jasotzen du zuzendaritzak eta komiteak adosturiko akordioak.

"Baieztatu duzue batasunarekin, antolakuntzarekin, konpromezuarekin, eta borrokarekin, prekarietateari eta patronalaren edozein erasori aurre egin diezaiokegula", azpimarratu du LAB sindikatuak, grebalarien jarrera goraipatuz. Gatazkak iraun duen denboran grebalarien inguruan sortu den babes sarea eratu dutenei eskerrak eman dizkie, LAB sindikatuak, idatzi horretan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!