Atxondoko Cemosa enpresan greba mugagabea hasi dute

Anboto 2015ko aza. 23a, 13:27

Enpresako hitzarmen berria adosterako orduan “borondaterik eza” leporatzen dio enpresa komiteak zuzendaritzari. Gaur goizeko 6:00etako erreleboan hasi dute greba mugagabea.

Enpresak dituen 160 bat langileetatik 137 batu ziren komiteak deitutako batzarrera eta gehiengoak grebaren alde egin zuen: 99 alde, 37 kontra eta boto zuri bat.

Enpresa komiteak idatzi baten bidez jakinarazi duenez, “saiakera asko eta askoren ostean, enpresaren blokeoak eta borondate ezak, greba hasteko erabakia hartzera eraman gaitu langileok”. Enpresaren egoera ekonomikoa zein merkatu kokapena “bikaina” den arren, “kudeaketaren zutabe prekarizazioa” erabili dutela salatu dute.

Hitzarmen berrian hobetu beharko liratekeen hainbat puntu zerrendatu dituzte: “Prekarietatea, gehiegizko azpikontratazioa eta ilegala, ezkutuko soldata eskala bikoitzak, lan osasunaren arloko prebentzio faltak eta bazterketa zein ezberdintasuna kontratazio berrietan”, besteak beste.

Egoera horren aurrean proposamen zehatzak mahaigaineratu dituzte.  Esaterako, lan osasunaren arloan, “amiantoarekin, hipoakusia aukerekin eta baldintza thermo-higieniko kaskarrarekin lan egin izan duten langileekiko protokoloak adostea” eskatzen dute. Errelebo kontratua daukaten 20 bat langileak “finko bihurtzea” ,eta, baja, opor… ordezkapenak “Lanbideren bidez eta enpresa kontratuarekin kudeatzea” dira beste aldarrikapen bi. Enpresaren antolaketari dagokionez “argitu eta adostu” beharreko alderdiak ere ikusten dituzte.

Cemosa enpresaren kanpoaldean, sarrera nagusiaren aurrean, karpa bat jarri dute langileek. Goizean langile batzar bat egin dute han eta gaur, arratsaldeko 18:00etan, 50-60 langile batzea aurreikusten duen beste batzar bat egiteko asmoa dute. 


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!