Atxondoko Udalak ez du Gazteluko ekitaldian parte hartu

Anboto 2014ko aza. 27a, 14:04

Atxondoko Udala ere gonbidatu zuten eguazteneko Gazteluko lanen bisita ekitaldira. Atxondoko gobernu taldeak zabaldu duen oharrean azaltzen denez, Bizkaiko Aldundiko Herri Lan eta Garraio diputatuak luzatu zien bertaratzeko gonbidapena. Atxondoko Udaleko ordezkaririk ez zen bertaratu, baina, eguazteneko Gazteluko tuneleko ekitaldira. Ez joatea zergatik erabaki duten azaltzeko, Rosa Elizburu alkateak sinaturiko oharra zabaldu du Atxondoko Udalak.


“Lanak hasi zirenetik arazoak eta irregulartasunak” izan dira Atxondon, gobernu taldeak dioenez: “Lur-jabeen kexak, ganadu jabeenak, auzotarrenak, baso bideen erabiltzaileenak, udal-azpiegiturei eta ingurumenari egindako kalteei buruzkoak...”. Obra honen gaineko informazio eske Bizkaiko Foru Aldundira jo duenetan ez duela “ganorazko erantzunik jaso” salatu du Atxondoko Udalak. Duela hiru urte obra honen desjabetzeen prozesua abiatu zutenetik duela gutxira arte, udalaren lursailak hartzeagatik ordaindu beharrekoa ez dutela jaso ere kritikatu dute: “Aldundiak eta eraikuntza enpresak ia ordaindu barik hartu nahi zituzten udal jabetzako lurrak”.

Eskaria luzatu dio Atxondoko Udalak Herri Lan eta Garraio sailburuari: “Alkateekin argazkia atera nahi duenean ipintzen duen arreta bera jar diezaiela gure eskari eta salaketei”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!