Gerediaga-Elorrio autobideko Gaztelua II tunela zulatzea amaitu dute

Anboto 2014ko aza. 26a, 13:55

Abadiñoko Gaztelua auzoa eta Elorrio lotuko dituen Gerediaga-Elorrio autobideko bigarren tunela zulatzen amaitu dute, gaur eguerdian. Besteak beste, Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Jose Luis Navarro Abadiñoko alkatea eta Ana Otadui Elorrioko alkatea izan dira Gazteluan, zulaketa amaiera ekitaldian, eta agerraldia egin dute, ondoren, kanpoaldean.

Autobide berri horretan, Abadiño eta Elorrio artean egingo dituzten bi tuneletan luzeena da gaur zulatzea amaitu dutena: 1.141 metroko luzera dauka. Gaurko ekitaldian Ahaldun Nagusiak azaldu duenez, 2016ko udarako espero dute autobideko zati horretako lanak amaitzea.

Obra honek Bizkaiko Aldundiak Durangaldeagaz daukan konpromezua erakusten duela azpimarratu du Jose Luis Bilbaok: "Eskualdeari balioa ekarriko dion azpiegitura bat da hau: komunikazio-bide moderno eta seguru baten bidez lurraldea egituratuko duen ardatza". Autobide berria egunero 12.200 ibilgailu inguruk erabiliko duela adierazi du Ahaldun Nagusiak.

Egunero 500 beharginek dihardute Gazteluako obra honetan lanean, eta 212.563.000 euroko aurrekontua dute azpiegitura lan hauek. Gaur zulatzea amaitu dutenaz gainera, 604 metroko beste tunel bat ere eraikitzen dihardute.

Obra honen kontrako jarrera agertu dutenen kontraesanei buruzko aipamena, "lizentzia dialektikoa", ere egin du Jose Luis Bilbaok gaurko agerraldian: "Hau bezalako proiektuen kontra bozkatzen dutenek ere erabiliko dute autobide hau, herrialde honetan hainbat aldiz gertatzen den moduan".

Atxondoko Udalak ez du ekitaldian parte hartu

Atxondoko Udala ere gonbidatua zuten Gazteluko lanen bisita ekitaldi horretara, baina ez du ordezkaririk bidali. Ez joatea zergatik erabaki duten azalduz, Rosa Elizburu alkateak sinaturiko oharra zabaldu du Atxondoko Udalak.

“Lanak hasi zirenetik arazoak eta irregulartasunak” izan dira, gobernu taldeak dioenez, Atxondon: “Lur-jabeen kexak, ganadu jabeenak, auzotarrenak, baso-bideen erabiltzaileenak, udal-azpiegiturei eta ingurumenari egindako kalteei buruzkoak...”.

Obra honen gaineko informazio eske Aldundira jo duenetan ez duela “ganorazko erantzunik jaso” salatu du Atxondoko Udalak. Eskaria luzatu diote, Garraio eta Herri-Lan sailburuari: “Alkateekin argazkia atera nahi duenean ipintzen duen arreta bera jar diezaiela gure eskari eta salaketei”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!