Atzera bota dute egoera ekonomikoa batzorde berezi batean tratatzeko eskaera

Anboto 2012ko ots. 21a, 11:33

Udalaren egoera ekonomiko \'kezkagarria\' aztertzeko ogasun batzorde berezi bat eratzea proposatu zuen EAJk atzoko udalbatzarrean. Bilduk kontra bozkatu zuen horretarako ohiko Ogasun Batzordea dagoela argudiatuta.

Udalaren egoera ekonomiko “kezkagarria” aztertzeko ogasun batzorde berezi bat eratzea proposatu zuen EAJk atzoko udalbatzarrean. Bilduk kontra bozkatu zuen horretarako Ogasun Batzordea dagoela argudiatuta.


Joan zen astean hedabideetara bidalitako prentsa oharrean udalaren zorrak 650.000 eurotan zenbatu zituen EAJk. Egoeragaz “oso kezkatuta”, horri irtenbidea emateko “batzorde berezi bat eratzea eta bertan udal teknikariak egotea” eskatu zuten atzo.  Horrekin batera “egindako kudeaketaren auditoria zehatz bat egitea” ere eskatu zuten.


Gobernu taldea osatzen duen Bilduk kontra bozkatu zuen eta mozioa ez zen onartu. “Udal kontuak aztertzeko Ogasun Batzordea dago eta nahi izanez gero baduzue batzordea batzeko eskaera egitea”. Auditoriari buruz, “orain horretan ez dutela dirurik gastatuko” adierazi zuen Juanjo Nora alkateordeak: “Gure kontuak Kontuen Tribunalean daude eta irregularra den ezer ikusten badute eurek egingo dute auditoria. Nahi izanez gero, zeuok ere eskatu zeniezaiokete auditoria Kontu Tribunalari”. EAJk salatu zuenez “orain ez duzue eskatzen, baina aurreko urteetan zeuek izan zarete eskatu duzuenak”.

 

Sektore publikoko erreformaren gaineko mozioa

 

Bestalde, Espainiako Gobernuak egindako erreformaren kontrako mozioa onartu zuen udalbatzarrak aho batez. Gehiengo sindikalak otsailaren 25ean Bilbon deitu duen manifestazioara joateko deia egin zuten eta martxoaren 29rako deitu duten greba orokorrari atxikimendua eman zioten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!