Korrikalari onenak izango dira Arrazolako irteeran

Anboto 2010ko mai. 7a, 10:00

Anboto Kilometro Bertikalaren hirugarren aldia izango da bihar, Brinean taldeak antolatuta. Beste behin ere, antolatzaileek estatu mailako espezialistarik onenak batzea lortu dute.

Anboto Kilometro Bertikalaren hirugarren aldia izango da bihar, Brinean taldeak antolatuta. Beste behin ere, antolatzaileek estatu mailako espezialistarik onenak batzea lortu dute. Gizonen artean, Europako igoera bertikalen txapeldun den Agustí Roc eta mendi lasterketen Europako txapeldun den Raúl García etorriko dira. Horrez gainera, iaz Anboto Kilometro Bertikala irabazi zuen Didier Zago ere irteera puntuan egongo da; frantziarra sasoi betean dago, eta oraintsu Berako mendiko maratoi erdia irabazi eta marka berria ezarri du. Esandakoak gutxi balira, iaz Espainiako Igoera Bertikalen Zirkuituko lasterketa bi irabazi zituzten Joan Freixák eta Miguel Caballerok ere ez dute hutsik egingo. Emakumeen parte-hartzea ere goi mailakoa izango da. Iaz horrelako lasterketetan parekorik izan ez zuen Mónica Ardid —Espainiako Kopako txapelduna— Arrazolan izango da, eta baita sailkapenean bigarren eta hirugarren geratu ziren Beatriz Fernández eta Maribel Martínez ere. Anbotorako igoera Euskadiko zein Espainiako lasterketa bertikaleko kopen lehenengo proba izango da. Euskadikoa Txindoki, Izarraitz eta Uharte Arakileko probek osatuko dute; Espainiakoak, berriz, beste lau proba izango ditu: Palentzia, Granada, Alacant eta Segoviakoak, hain zuzen ere. Lasterketako lehenengo korrikalariek 15:00etan irtengo dute Arrazolatik. Ordutik aurrera 30 segundoko tarteagaz abiatuko dira parte-hartzaileak.

Gazteen parte-hartzea

Gazte mailako korrikalarien parte-hartzea sustatu guran, antolatzaileek kirolari gazteen aldeko apustua egin dute, eta maila hori ere kontuan hartzea erabaki dute: "Lasterketa mota hauetako ezaugarriak oso egokiak dira, 16 eta 17 urteko gazteek goi mailako lehiaketan parte hartzeko", azaldu dute. J.D.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!