Hiru asteburuz luzatuko dira aurten Otxandioko jaiak. Jaiei hasiera ofiziala emango dion txupina uztailaren 17an botako dute.
Garain den-dena daukate prest Santixauak zein Santa Ana eta San Inazio jaiak ospatzeko. Udalak eta jaiak antolatzeko herri-batzarrak ekitaldiz beteriko programa osatu dute. Asteburuan inauguratuko dituzte ospakizunak, Asto Trail lasterketarekin (zapatuan), nagusien bazkariarekin eta bertso-saioarekin (domeka). Uztailaren 31n amaituko dituzte, eta bitarte horretan, hainbat musika emanaldi eta otordu herrikoi izango dute.
Asteburu honetan, jaiak ospatuko dituzte Zaldibarko Goierri auzoan. Barikuan, rap eta rock doinuek hartuko dute auzoa. Zapatuan, bakailao eta paella txapelketak izango dituzte, baita antzerkia eta Luhartzen erromeria ere. Domekan, asto-probak jokatuko dira.
Auzo Alai elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu auzoko jaiak girotzeko. Uztailaren 18tik 22ra ospatuko dituzte Madalenak.
Gaur aurkeztu dute Zornotzako Karmen jaietako egitaraua. Uztailaren 15ean hasiko dituzte jaiak, SD Amorebietak eta Karmengo Ama ikastetxeak elkarregaz irakurriko duten pregoiagaz. Biek ala biek, ilusio handiz hartu dute gonbidapena. "Urduritasunez igoko gara balkoira, baina espero dugu honek sortzen digun ilusioa poz bezala tranmititzea", nabarmendu du Itxaso Iriondo Karmengo Ama ikastetxeko zuzendariak. Ainhoa Salterain Zornotzako alkatearen arabera, arreta berezia jarri dute umeen eta gazteen programazioan, jaiak "guztiok disfrutatzeko" izango badira ere. Uztailaren 15etik 27ra bitartean ospatuko dituzte Karmengo jaiak Zornotzan.