Abadiñoko pilota txapelketa herrikoiak nobedade batekin hasi du aurtengo aldia. Lehen mailako partiduetan, tanto bakoitzak gehienez bi minutu iraun dezake; hau da, sakea ateratzen duen bikoteak bi minutu ditu amaitzeko, bestela tantoa aurkariaren aldekoa izaten da. Erloju baten bidez neurtzen dute denbora.
Antolatzaileek azaldu dutenez, iazko txapelketan tanto oso luzeak ikusten ziren eta horrek ikuskizuna apaltzen zuen. Neurri berriarekin partiduak biziagoak eta ikusgarriagoak izatea bilatzen dute. Orain arte jokatutako partiduetan aldaketa nabaritzen dela azaldu dute eta pilotariek gehiago arriskatzen dutela, ikuskizunaren mesedetan.
Txapelketak bi maila ditu: lehen mailan sei bikotek parte hartzen dute, eta bigarrenean, 18 bikotek. Partiduak jokoetara jokatzen dituzte.
Txapelketak herrian sona handia hartu du, eta domeketan ikusle ugari batzen dira Zelaietako pilotalekuan. Jardunaldiak 16:30-17:00 inguruan hasten dira, eta lau partida inguru jokatzen dituzte. Finalak San Blas inguruan jokatuko dira.