Abadiñoko Udalak ia 15 milioi euroko aurrekontua izango du 2027an, udalaren historiako handiena

M.Z.

Artxiboko irudia

Martitzeneko osoko bilkuran 2027ko udal aurrekontuak onartu zituen Abadiñoko Udalak EH Bilduren, Abadiñoko Independiente Berrien eta PSE-EEren aldeko bozkegaz. EAJ abstenitu egin zen. 

Datorren urterako aurreikusitako aurrekontuak ia 15 milioi eurokoak dira, udalaren historiako handienak. Udal gobernutik azaldu dutenez, azken urteetan lortutako egonkortasun ekonomikoari eustea da beraien helburu nagusia. 

Inbertsioen atalera 995.000 euro bideratuko dituzte, eta horietatik, 845.000 inbertsio materialetara zuzenduko dira. Esaterako, Trañabarren eta Perulanda arteko gunea berritzeko 600.000 euro aurreikusi dituzte eta Zelaietako udal eraikina berritzeko beste 245.000 euro. Horrez gain, aurrekontu parte hartzaileek 150.000 euro izango dituzte herritarren proposamenak gauzatzeko, eta 700.000 euro baino gehiago bideratuko dituzte herriko 60tik gora eragile eta bestelako laguntzeko. 

Bestalde, gobernu taldetik azpimarratu gura izan dute, legegintzaldi honetan, udalaren soberakin ekonomikoak 2 milioitik gora mantendu direla etengabe, eta horrek aukera eman duela herrian inbertsio garrantzitsuak egiteko. 

"Abadiñok gaur egun aurrekontu egitura sendoa eta egoera finantzario osasuntsua ditu. Hala ere, etorkizunera begira, beharrezkotzat jotzen dugu udal diru-sarreren egonkortasunari eustea eta gastu estrukturalen hazkundea kontrolpean mantentzea, bereziki pertsonalari lotutako gastuetan. Helburua da egonkortasunetik iraunkortasunerako bidea egiten jarraitzea", esan dute gobernu taldeko kideek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!