Hainbat nobedadegaz dator Antzerkiño aurten.
Antzerkiñok hamaikagarren edizioa du aurtengoa eta oinarri sendo bat duela esan daiteke. Antzezlanek Errota kultur etxean eskaintzen zen zikloa osatzen zuten, eta, profesionalak ere etortzen ziren arren, antzerki amateurrak pisu handia zuen. Herritarrek ezagutzen zuten jaialdiaren oinarria, baina ekarpen gehiago egiteko aukera ere bazegoela uste genuen eta herriko beste zenbait lekutan egiteko proposatu genuen, izan ere, Abadiñok hainbat auzo du eta herritar guztiengana heldu gura genuen.
Formatu aldetik ere aldaketak daude.
Formatu desberdinen aldeko apustua ere egin gura genuen. Formatu txikiko eta handiagoko antzezlanak taularatuko dira. Jende hasiberriaren aldeko apustua ere egingo da, gazte sortzaileen aldekoa. Jendea urte askoan egon da lanean eta horri ekarpen bat egitea zen asmoa.
Euskarazko obra gehiago egongo da aurten.
Euskarak izan du presentzia Antzerkiñon, baina aurten proposatu diren antzezlanen artean oraindino gehiago izango dira euskarazkoak. Esango nuke, gainera, euskaratik eta euskararako sorturikoak direla, eta hori ere igarriko dela ikusterakoan. Antzezlan batzuk gaztelaniaz sorturikoak dira, gero euskarara itzulitakoak, baina aurten aukeratutakoak euskaraz sorturikoak dira. Beraz, euskarak leku handiago izango du eta ikusleek igarriko dute hori.
Emanaldietariko bat Gaztetxean izango da. Antzerkiaren mundura ikusle gazteagoak erakartzea da asmoa?
Orain artean, batez ere jende nagusia etorri izan da Traña-Matienako emanaldietara. Eta hori ondo dago, baina jende gazteagoarengana heltzeko erronkari heldu gura diogu, garrantzitsua dela uste dugulako, eta, horretarako, bide tradizionaletik harago joan behar delakoan nago. Eta esango nuke gaztetxeetan ere badagoela zaletasuna antzerkirako, eta aukera hori aprobetxatu behar dugu. Gainera, egun horretan pintxopotea ere egingo dugu. Beraz, plan polita da, freskoa. Antzezlana ikusi eta kopotxo bat egin.
Gaztetxeetan musikak protagonismo handiagoa izan du beti, baina bestelako ekimenak ere antolatu izan dira.
Bai, hala da. Gaztetxeetan musikak funtzionatzen du ondoen, musikak erakartzen du jenderik gehien, baina erronka polit bat dugu hor, eskaintza zabaltzekoa. Eta, egia esanda, gaztetxeetan dagoeneko hartu dira beste bide batzuk ere. Adibidez, irakurketa klubak eta antzerki taldeak sortu dira.
Zelan zaletu zinen zu antzerkira?
Txikitatik gustatu izan zait. Gero, arte eszenikoak eta arte dramatikoa ikasi nituen Bilbon. Horixe izan da nire prestakuntza nagusia, eta zaletasuna izatetik gauza apur bat profesionalagoa bihurtu da niretzat. Banarten ere ibili nintzen sasoi batean, eta orain Gorakadagaz lan egiten dut. Zortea izan nuen, karrera amaitzeagaz batera hasi nintzen eta. Moko antzezlanean lan egin nuen. Gaur egun ere formakuntza jasotzen jarraitzen dut, ikastaroen bitartez.
Antzerkiaz harago, telebistan edo zineman lan egin duzu?
Film labur pare batean parte hartu dut, baina nire prestakuntza eta ibilbidea lotuago daude antzerkira. Hala ere, denak bateragarriak dira. Ekonomikoki baldintzak hobeak dira zineman eta telebistan, eta ikusgarritasuna ere nabarmenagoa da horietan. Alde nabaria dago, baina geroago eta aktore gehiago ikusten da denean, baita antzerkian ere.