Laubidetako errepidearen bi aldeetako autobus geltokien irisgarritasuna hobetuko du Abadiñoko Udalak

M.Z.

Abadiñoko Udalak lizitaziora atera ditu Traña-Matienan, San Blas ostatutik gertu, dauden autobus geltokietako irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko obrak. 

Udaletik jakitera eman dutenez, lan hauei esker, auzotarren eskaera historikoari erantzun ahal izango zaio, eta erabiltzaile guztientzako sarbide segurua eta irisgarria bermatuko da errepidearen bi aldeen artean. Lizitaziaoren aurrekontua 290.000 eurokoa da, eta 26 eguneko epea ireki da enpresak aurkeztu ahal izateko. 

Gainera, udaletik azaldu dute, Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako Sailarekin batera hainbat aukera aztertu direla, eta azkenean erabaki dela, bi geltokiak zuzenean, modu seguruan eta irisgarrian konektatzea. Proiektuaren arabera, oinezkoentzako pasabide semaforizatu bat eraikiko da N-634 errepidean, eta horrela ez da beharrezkoa izango azpiko pasagunea erabiltzea. 

Semaforodun bidegurutzez gain, espaloiak luzatu eta egokituko dira; Laubideta kaletik beste sarbide bat egingo da, arrapala irisgarriagaz;  seinale horizontal eta bertikal berriak jarriko dira; eta eremu osoan argiztapena indartuko da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!