"Akaso, gorroto antolatuaren aurrean gozotasun erradikala ere antolatu beharko genuke"

Aritz Maldonado

Ekaitz Herrerak martitzenean aurkeztu zuen 'Neguberria', Donostiako parte zaharreko Elkarren.

ANBOTOko kazetariak bere lehenengo eleberria kaleratu du, Elkar argitaletxearen eskutik eta Ondarroako Augustin Zubikarai bekaren laguntzagaz

Ekaitz Herrera Azkarragak (Abadiño, 1986) Ondarroako Augustin Zubikarai sariketa irabazi zuen iaz, Xabier Mendiguren, Leire Bilbao eta Ana Urkiza epaileek halantxik erabakita. Saria irabazi ondorengo hileak idazketa proiektua garatzen eman zituen, eta asteon kaleratu du bere lehenengo nobela, Donostian, Elkar argitaletxearen eskutik: Neguberria. Istorioan 60 urteko Mattinen istorioa kontatu du. Samurtasuna, umorea, maitasunaren askotariko aldaerak eta hartu-eman disidenteak josi ditu esaldirik esaldi.

Lehenengo eleberria kaleratu duzu. Gustura geratu zara?
Bai. Iruditzen zait esan beharrekoak esan ditudala, hau da, barruan nituenak hustu ditudala. Batzuetan dudak sortzen zaizkizu istorioa idatzi ahala. Bide bat ala bestea hartu, zelan garatuko duzun istorioa, zelan lortuko duzun zeozer ederra, eta, aldi berean, zelan askatuko dituzun korapilo narratiboak. Baina, bai, zalantza horiek argitzen joan naiz, eta pozik ailegatu naiz amaierara.

Iritzirik jaso duzu?
Oraingoz, oso hurbilekoenak. Bikotekidearena, lagunena, lankideena. Oro har, gustatu egin zaiela jakinarazi didate, baina, jakina, hurbileko jendea dira, elkar maite dugu, eta hor batzuetan gatx izaten da iritzia sentimenduetatik bereiztea. Ea zer dioten ni ezagutzen ez nautenek! 

Nor da Mattin?
Mattin 60 urteko gizonezkoa da, sekula maitemindu ez dena. Estoikoa eta altzairua bezain zurruna da kanpotik, baina kristal bat bezain hauskorra barrutik. Lore-denda batean lan egiten du, baina, halako batean, negozioa txarto doala eta, denda zarratu eta unibertsitate giroko ikasleen pisu batean amaituko du etxebizitza partekatzen, bera baino ia 40 urte gazteagoa den emakume bategaz. Mundu berri bat zabalduko zaio eta zelan maitemindu ikasiko du.

Adin desberdintasun nabarmena dago pertsonaia nagusiaren eta ingurukoen aldean. Zugandik aldentzeko modu bat izan da?
Nigandik urruntzeko modu bat baino gehiago, kontatu gura nuen hori eraikitzeko lanabes izan da. Iruditzen zitzaidan adin desberdintasun hori askotariko egoerak sortzeko tresna izan zitekeela, eta narrazioan aurrera egiteko motore izan zitekeela. Adibidez, batzuetan umorea, beste batzuetan surrealismoa, beste batzuetan hausnarketa edo kritika sortzeko. Izan ere, Mattinek ez du gaur egungo gazteen mundua ulertzen, guztiz arrotzak zaizkio haien ohiturak, eta horrek aukera ematen du umorerako, hausnarketarako edo egungo gizarte joerak kritikatzeko. Bestalde, adin tarte desberdintasun hori hartu-eman disidenteak sortzeko eta aldarrikatzeko modu bat izan da. Mattinen eta unibertsitate ikasleen ekosistema horretan askotariko hartu-emanak daude. Maitasuna, laguntasuna, afektua, sexua (heterosexuala zein homosexuala) alderik alde ageri dira, eta hori guzti hori adin arrakala handi batek baldintzatuta dago. Iruditzen zait maitasunaren amalgama horretara beste osagai bat ere batu behar dugula: belaunaldiarteko hartu-emanak. Azken finean, samurtasuna darion istorio bat kontatu gura izan dut, samurtasun erradikala aldarrikatu. Gorrotoa hain ondo antolatuta dagoen momentu honetan, ba, batek daki, akaso gozotasuna eta mimoak politikoki erradikalizatzea ideia interesgarria izan daiteke. 

Eleberria Donostian kokatuta dago. Zergaitik?
Unibertsitate ikasleen arteko giroa, pisukideen arteko elkarbizitza, hartu-eman disidenteak... hiri batek horiek guzti horiek kontatzeko aukera erosoa eta errealista eskaintzen zidala ikusten nuen, eta, bai, Donostiak eskaini dit hori. Euskal Herriko hirien artean ondoen ezagutzen dudana da, bertan bizi izan nintzen-eta lau-bost urtez. Donostia da istorioko eszenatokia, hala da, baina inon ere ez da ageri haren izenik. Elipsian dago. Hartara, hiria ondo ezagutzen ez duenak aukera askeagoa izango du kokalekua irudimenean eraikitzeko. 

Zenbat du autobiografikotik?
Ez da inondik inora ere nobela autobiografikoa, baina, jakina, kontatzen dena istorio garaikide bat da, eta idatzitakoa idazlearen beraren burutik irten da. Horrenbestez, beti topatu daiteke idazlearen traza bat orrialdeetan zehar, izan ekintza, deskribapen zein elkarrizketa. Idazketa estiloan ere, igarri daiteke hori. Ezagutzen nautenek, akaso, nire irribarreren bat, gozoa zein pikaroa, igarriko dute lerroetan zehar. 

Augustin Zubikarai bekari eskerrak idatzi duzu nobela. Zelako laguntza dira halako sariketak?
Ondarroako Udalarena lako bekak oso lagungarriak dira idaztera salto egin edo ez zalantzan dabiltzanentzat. Berba onak baino ez ditut. Gainera, beka irabazteak presio moduko bat eragiten dizu, presio positiboa, lana entregatzeko data ondo-ondoan sentitzen duzulako akuilu lanak egiten. Hori ondo dago diziplina hartzeko eta idazketan konstantea izateko. Gainera, bekaren beste alde on bat arlo profesionalarena da. Sariari eskerrak, Elkarreko profesionalak ondoan dituzu aholkularitza eta zaintza lanak egiten. Oso prozesu aberasgarria izan da idazketarena. Disfrutatu egin dut.

Orain liburua han-hemenka aurkezten hasiko zara. Baduzu hitzordurik Durangaldean?
Azaroaren 12an Abadiñoko Mediatekan egongo naiz liburua aurkezten, Ainhoa Urien lagun. Azaroaren 26an Durangoko Hitzen daukat hitzordua, 19:00etan. Hor ere Ainhoa egongo da nigaz. Eta abenduaren 6an Durangoko Azokako Ahotsenean aurkeztuko dut Neguberria. Eskualdetik kanpora, Ondarroan (azaroaren 5ean) eta Gasteizko Liburutopian (azaroaren 19an) izango ditut aurkezpenak. Oraingoz, horiek. 

Idatzi duzu beste ezer denbora tarte honetan? Baduzu beste ezer publikatzeko asmorik?
Oraingoz, ez. Ez daukat zirriborro berririk esku artean. Neguberria promozionatzen eta lehenengo nobela honek uzten didan arrastoagaz gozatu gura dut. Dena dela, esan dudan moduan, prozesu gozagarria izan da idazketarena eta ez dut baztertzen beste libururen bat sortzea. Izan ere, beti darabilt zeozer esku artean. Sorkuntzarako une egokiaren zain geratuko naiz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!