Zelan hartu zaituzte Abadiñok? Gogotsu zaudete astebururako?
Oso gogotsu! Neguan etorri ginenean, zirkua hartzeko gune aproposa zela iruditu zitzaigun, uda osterako asfaltoa bilatzen dugu eta. Hori, alde teknikotik. Bestetik, ingurua oso euskalduna da eta aurreko urteetan etorri izan garenetan ere sekulako harrera izan dugu.
Boluntarioak ere lagundu dizuete.
Oso gustura etorri gara; igartzen da herritarrek hemen nahi gintuztela. Gaur [martitzena] laguntzaileak izan ditugu, eta astelehen arratsaldean ere etorri zen lagun talde bat laguntzera. Denetik dago, eta herri batzuetan alkateak eta zinegotziek ere bertan nahi izaten gaituzte, baina teknikariek edo burokraziak ez die uzten; beste batzuetan, ordea, ez da horrela.
Hainbat herri bisitatu duzue.
Bai, eta beti oreka bat mantentzen saiatu gara. Bira osoa herri handietan egitea litzateke errazena, etxetik gertu, eta beti beteta. Baina gustatzen zaigu leku ez "hain errazetara" joatea; Baigorrin egon gara aurten, Enkarterrietara joan gara, baita Nafarroako hegoaldera ere, adibidez. Horietan ez da hain erraza, baina apustua egiten dugu, toki horietara ere eraman nahi dugulako euskarazko zirkua. Gutxi gorabehera, hamalau bat herritan egoten gara denboraldi bakoitzean, eta oreka bat bilatzea gustatzen zaigu, deneriko herrietan egoteko.
Emanaldiak berrasmatzea ez da erraza izango.
Urtero emanaldia aldatzen saiatzen gara, eta, noski, maila mantentzen ere bai. Jende asko behin baino gehiagotan etorri da, eta, beraz, orokorrean asmatzen dugula esango nuke.