'Abadiño zaintzen duen herria' egitasmoa aurkeztu dute gaur goizean

Anboto

Adinekoen harreman sozialak sendotzeko, bakardade edo isolamendu egoerak prebenitzeko eta udalerrian dauden laguntza komunitariko sareak indartzeko ekimena da. 

Gaur goizean 'Abadiño zaintzen duen herria' egitasmoa aurkeztu dute. Udaletik jakitera eman dutenez, proiektua Abadiñoko adinekoen zaintzari eta egoerari buruzko diagnostikoaren ondoren jasotako jarduera ildo nagusietako batetik sortu da. Lan horretatik abiatuta, ekintza bat plan egin zuten Abadiñon, udalerri zaintzaileagoa eraikitzen jarraitzeko hainbat proposamenekin. "Hausnarketa sakona egin genuen eta ikusi genuen pertsona nagusien bizi kalitatea indartzea gure erronketako bat dela", adierazi du Mikel Urrutia Abadiñoko alkateak. "Guretzat nagusiengana heltzea eta beraiek entzutea oso garrantzitsua da", gaineratu du Edurne Maguregi alkateordeak.  

'Abadiño zaintzen duen herria' proiektuak 10 hilabeteko iraupena izango du eta bere zeregina adinekoengana eta udalerriko funtsezko eragileengana hurbiltzea, loturen eta zaintza komunitarioaren garrantziaz sentsibilizatzea, parte hartze soziala sustatzea eta lotura komunitarioak indartzea izango dira. "Abadiñon komunitate sare indartsuagoa izatea eta Abadiño zaintzaileagoa sortzea da helburua", esan dute Argintzariko kideek.  

Bestalde, datozen asteetan, Abadiñoko adinekoekin harremanetan jarriko direla azaldu dute, hain interesak ezagutzeko eta haien kezkak eta beharrak jasotzeko. Horrez gain, azaroaren 4rako hitzaldi bat egingo dutela jakitera eman dute, loturen, parte hartzearen eta zaintza komunitarioaren garrantziari buruzko haursnarketak trukatzeko. Bilera Errota Kultur Etxean izango da, 17:30ean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!