Lazkao Txiki gogoratzeko ekitaldia egingo dute bihar iluntzean Salbadoreko ermitan

Maialen Zuazubiskar

Lazkao Txiki, mikrofonoa eskuan hartuta. Argia fototeka

19:00etan hasiko da ekitaldia, Xabier Amuriza bertsolariaren gidaritzapean

Joxe Migel Iztueta 'Lazkao Txiki' 1926ko irailaren 15ean jaio zen. Bertsolari ezaguna jaio zenetik 100 urte joan direla eta, bihar, urriak 23, ekitaldi bat egingo dute Abadiñoko Gerediaga auzoko Salbadore ermitan 'Lazkao Txiki'-ren irudia gogoratzeko. Ekitaldia 19:00etan izango da. "Lazkao Txiki historian izan den bertsolaririk injeniotsu eta liluragarrienetariko bat da. Euskal Herriko hainbat tokitan ekitaldiak egiten dabiltza bera gogoratzeko, eta zelan ez dugu ba guk egingo! Salbadore ermita leku ederra da horretarako", azaldu du Xabier Amuriza bertsolariak eta ekitaldi honen bultzatzaileak. 

Amurizak berak ere parte hartuko du ekitaldian, eta, berak aurreratu duenez, Lazkao Txikiren bertsoek eta legatuak izango dute protagonismoa. "Lazkao Txikiren bat-bateko bertsoen antologia bat kantatuko dut, azalpen batzuk emango ditut, eta memoria ere egingo dugu. Horrez gainera, neure bertso sorta bat ere abestuko dut", gaineratu du bertsolariak.

Amurizak herritarrei ekitaldira joateko deia egin die. "Bertsozaleei eta oro har euskaraz dakien edonori bertaratzeko gonbit egiten diet. Asko gozatuko duzue. 'Lazkao Txiki' figura genial bat izan zen eta hori ekitaldian islatuko da", gaineratu du Amurizak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!