Astolako futbol zelaiko belar artifiziala berriztu dute; 15 urte baino gehiago zituen

M.Z.

Futbol zelaiko arduradunak eta politikariak, Astolan.

Abadiñoko Udalak amaitutzat eman ditu Astolako kirol instalazioetako goiko futbol zelaia berrizteko lanak. Udalak jakinarazi duenez, esku hartze honen bitartez 15 urtetik gorako erabilera zuen belar artifiziala kendu dute. "Belar berria aukeratzerakoan, kirol erabileragaz batera, ingurumen irizpideak ere kontuan hartu ditugu", esan dute udal ordezkariek. Lanok 281.930 euroko inbertsioa izan dute.

Bestalde, udalak nabarmendu du Astolako zelaia funtsezko azpiegitura dela Abadiñoko kirol jarduerarako, herriko hainbat taldek erabiltzen dute-eta urte osoan zehar. "Egunero kirolari askok erabiltzen duten instalazioa da, emakumezkoen zein gizonezkoen taldeek. Beharrezkoa zen belarra berriztea, taldeek baldintza egokiak izan ditzaten entrenatzeko eta lehiatzeko. Inbertsio honegaz, Astolako futbol zelaiaren kalitatea eta datozen urteetako erabilera bermatzen ditugu", azaldu dute udal ordezkariek.

Eta gaineratu dute futbol zelaian egindako inbertsioa ez dela Astolan azken urteotan gauzatutako jarduketa bakarra: "Legegintzaldi hasieratik kirol gunearen eta inguruko espazioen hobekuntza progresiboa bultzatu dugu, instalazioak erabiltzaileen eta herriko kirol elkarteen beharrizanetara egokitzeko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!