Datozen sei urteetako ibilbide-orria zehaztuko duen Etxebizitza Plana aurkeztu du gaur goizean Abadiñok. "Herritarren parte hartze zuzena izan duen prozesu bat izan da. Baita alderdi politiko guztiena eta udaleko teknikariena ere. Saiatu gara ahalik eta adostasun handiena bilatzen, eta denok begi onez ikusitako dokumentu bat aurkeztera gatoz", azaldu du Mikel Urrutia Abadiñoko alkateak. Udaletik jakitera eman dutenez, planaren helburua herritarrek etxebizitza duin, egoki eta ekonomikoki eskuragarria izateko aukerak handitzea eta etxebizitzaren funtzio soziala indartzea da. "Sei urterako bideorria da, bideorri garrantzitsua. Azken batean, etxebizitzaz ari garenean, pertsonetaz ari gara", jarraitu du Edurne Maguregi alkateordeak.
Etxebizitza Plan hau burutzen Ander Zangitu Hiritik At kooperatibako arkitektua ibili da, eta honek azaldu duenez, plan hau ibilbide baten "jarraipena" da. "Saiatu gara ahalik eta planik integralena egiten. Hala ere, dokumentu hau ez da itxia, eta onartzen ditu aldaketak. Gainera, kontuan izan behar da datorren urterako etxebizitza mahaia eratzea planteatzen dela", gaineratu du Zangituk.
Gaur aurkeztu duten plan hau lau ardatz nagusiren baitan garatu dute. Honek hamar estrategia ditu eta 25 ekintza jasotzen dituela azaldu dute; etxebizitza eskuragarria sutatzea; dagoen etxebizitza-parkea hobeto aprobetxatzea eta birgaitzea; alokairurako prestazio eta dirulaguntzen sistema indartzea; eta etxebizitza-politiken gobernantza eta erakundeen arteko koordinazioa sendotzea etaherritarrentzako aholkularitza zerbitzua martxan jartzea.
Plan honen jarduera nagusietako batzuk honako hauek dira. Alde batetik, Muntsaratzen alokairura bideratutako 84 etxebizitza babestu eraikitzea izango da. Abadiñoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena adostuta dute, eta aurreikuspenen arabera obrak 2027an lizitatuko dira, 12,5 milioi euroko aurrekontuarekin; lanak 2028an hasi eta 2030ean amaitzea aurreikusten da.
Bestetik, gazteen etxebizitzarako sarbidea ere Planaren lehentasunetako bat da. Eta baita, herrian dauden 429 etxebizitza hutsak mobilizatzea ere. Horretarako, udaletik jakitera eman dute, Bizigune eta ASAP programak ere sustatuko dituztela, besteak beste.
EAJren abstentzioa
Abadiñoko EAJko kideek, berriz, prentsa ohar bidez beraien bozkaren arrazoia eman dute. "Etxebizitza-politak anbiziotsuago bat eskatzen dugu, eskaintza handitzeko, herritarrei etxebizitza eskuratzea errazteko eta Abadiñoren etorkizuneko hazkundea nola eta non gauzatu behar den planifikatzeko", esan dute jeltzaleek.