Egitarau zabalagaz ospatuko dute Adinekoen Nazioarteko Eguna Abadiñon

Anboto

Abadiñoko Udalak Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzeko egitarau zabala antolatu du. “Abadiño zaintzaile bat eraikitzen jarraitu nahi dugu, auzoz auzo eta pertsonaz pertsona, adinekoek parte hartzeko, gozatzeko eta gure herriaren parte aktibo izaten jarraitzeko espazioak izan ditzaten”, azaldu dute Abadiñoko Udaletik. 

"Jardunaldiak Traña-Matienako eta Zelaietako adinekoen elkarteen arteko topaketa eta maitasunari, harremanei zein helduaroko esperientzia afektiboei buruzko kultura eta hausnarketa proposamena uztartuko ditu", azaldu dute udaletik

Urriaren 1eko ekitaldiak kalejira batekin hasiko dira. Kalejira hauek Traña-Matienako eta Zelaietako adinekoen elkarteetatik abiatuko dira, eta Astolako kiroldegian bat egingo dute. Gune horretan topaketa bat egingo da Gerbas kantak eta lagunek girotutako luntx batekin. Programazioak 18:00etan jarraituko du Errota Kultur Etxean, Silver Film Festivaleko sei film laburren emanaldirekin. Horren ostean, 'Nola kudeatu haustura bat' solasaldia izango da. 

Jarduera osagarri gisa, urriaren 5ean, 18:00etan Durangoko Elkartegian, ‘DenOn, Kaleak: adin guztietarako espazio publikoak’ hitzaldia emango du ProyeKta Urbes taldeko Patxi Galarraga arkitektoak.

Abadiñoko Udalak adinekoentzako topaketa, partaidetza eta aintzatespen guneak sortzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du, eskubide, autonomia eta ongizateari lotutako zahartzearen ikuspegia sustatuz: “Adinekoez ari garenean, ez gara zaintzaz edo beharrez soilik ari. Desioak, proiektuak, gozatzeko gogoa, harremanak izateko gogoa eta herriari ekarpenak egiten jarraitzeko gogoa duten pertsonez ari gara. Eta hori ere ongizate soziala da”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!