[ARGAZKI GALERIA]: "Motoan bidaiatu, kultura ezberdinak ezagutu eta leku zoragarriak ikusi ditugu Marokon"

Maialen Zuazubiskar

Jose Ignacio Azkarate ‘Pitxu’ eta Iñigo Moran motozale sutsuak dira eta hamahiru egunez Maroko gurutzatzen ibili dira. Abadiñarren berbetan, “esperientzia izugarria izan da, motozaleek bizitzan behin egin beharrekoa”. 

Zuen motoak hartu eta Marokotik biran ibili zarete. Zelan, ba?
Jose Ignacio Azkarate: Taldetxo bategaz joan gara. 2023an ibilbide bera egin nuen, David izeneko gida bategaz. Berriro ere beragaz joateko aukera sortu zitzaidan eta Iñigori komentatu nion ea etorri gura zuen. 
Iñigo Moran: Hamahiru laguneko taldetxo bat ibili gara eta hamabi mototan ibili gara. Mundu guztiko jendea elkartu gara: Mexikokoa, Ameriketakoa, Uruguaikoa eta Espainiar Estatuko zenbait lekutakoa.

Nondik ibili zarete?
J.I. A.: Algecirasen hasi genuen ibilbidea. Handik El Yadidara joan ginen, eta hortik Essaouira eta Marrakechera. Marrakechetik, Atlas zati bat igarota, Dadeseko arroilara joan ginen. Handik Tichkako portua igo genuen, Afrikako Iparraldeko porturik garaiena, eta ondoren Todrako arroilara joan ginen. Gero, desertuko atera joan ginen, eta handik Merzougako desertura. Ibilbidea amaitzeko, Fezera, Chefchauouenera eta Tetuanera joan ginen. Eta handik buelta berriro Algecirasera. 
I. M.: Maroko aldean 2.500 bat kilometro egin genituen, eta, guztira, 5.100 bat kilometro, etxetik joan ginen-eta bertara. Kilometro horiek guztiak hamalau egunean egin genituen.

Zelako esperientzia izan da?
J.I. A.: Esperientzia izugarria. Motozale guztiei ibilbide hori egitea gomendatzen diet. Motoagaz bidaiatu, leku zoragarriak ikusi eta kultura ezberdinak topatu ditugu Marokon. Herrialde eta pertsona zoragarriak ezagutu ditugu.
I.M.: Nik lehenengoz bidaiatu dut horrela. 'Pitxuk' animatuta joan naiz eta izugarria izan da, errepikatzeko modukoa. Hemendik pare bat urtera berriro bueltatzeko gogoz geratu naiz. 

Baduzue beste bidaiarik buruan?
J.I.: Matienako kuadrillagaz asteburuero irteten gara. Gure bidaiatxoak egiten ditugu, eta halakoak egiten jarraituko dugu. Baina, oraingoz, ez dugu horrelako bidaia luzerik egingo. Atseden apur bat hartuko dugu. Hori bai, gidari beragaz Korsikara eta Sardiniara joatea gustatuko litzaidake. Patagoniara joatea ere amesten dut, baina, horretarako, fisikoki oso ondo egon behar da. 
I.M.: Niri ere bidaia hori egitea gustatuko litzaidake, Korsikakoa eta Sardiniakoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!