Abadiñok faxismoa borrokatu eta jasan zuten herritarrak gogoratuko ditu irailaren 29an

M.Z.

Naziak Gerediaga auzoan. (Argazkia: Pablo Sagarra Renedo, Oscar González López eta Lucas Molina Franco 'Gudaris. Euzko Gudarostea durante la Guerra Civil, 1936-1937'.)

Abadiñoko lehen bonbardaketaren 90. urteurrenarekin bat eginez, oroimen ekitaldia irailaren 29an egingo da, 19:00etan, Errota Kultur Etxearen inguruan.

Abadiñoko Udalak faxismoa borrokatu eta jasan zuten herritarren oroimenezko ekitaldia antolatu du datorren irailaren 29an, martitzena, 19:00etan, Errota Kultur Etxean. Deialdia 1936ko altxamendu faxistaren ondoren Abadiño lehen aldiz bonbardatu zuteneko 90. urteurrenarekin bat eginez egingo da. Herritar guztiak daude ekitaldian parte hartzera gonbidatuta.

Udalak prentsa ohar bidez azaldu duenez, 1936ko irailaren 29an bonbardatu zuten Abadiño lehen aldiz, Lebario auzoan. Ondorengo hilabeteetan beste eraso ugari jasan zituen herriak, eta azken ikerketen arabera, 14 aldiz bonbardatu zuten Abadiño. Gutxienez 294 abadiñarrek gerraren eragin zuzena jasan zutela ere aipatu dute; eta 1936an eta 1937an Euskal Herrian egindako bonbardaketetan gutxienez 23 abadiñar hil zituztela eta beste zazpi zauritu.

Bestalde, Abadiñoko Udalak azpimarratu du ezinbestekoa dela gerraren eta frankismoaren biktimen memoria berreskuratzea eta aitortzea. "Horretarako urrats garrantzitsua izan da Gerediaga Elkarteak egindako ikerketa, herriaren historiari buruzko informazio berria bildu eta hainbat gertakari argitzeko aukera eman duelako", esan dute udaletik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!