Altsasun eta Lekeition hasiko dute Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Txaber Altubek eta Aitor Bizkarrak

A. M.

Hazparneko saioko irudi bat. 

Asteburuan hasi da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, Hazparnen (Lapurdi). Miren Artetxek batu zuen puntu gehien, 709 puntu, eta zuzenean sailkatu da finalaurrekoetako lehenengo itzulira. 42 bertsolari arituko dira txapelketan, tartean, Durangaldeko hiru: Txaber Altube eta Aitor Bizkarra abadiñarrak eta Gorka Pagonabarraga durangarra.

Hain zuzen ere, asteburuan dituzte lehen saioak Altubek eta Bizkarrak. Zapatuan, irailak 26, Altsasuko (Nafarroa) saioan egingo du kantuan Txaber Altubek; abadiñarrak, Eneko Araiztegi, Eñaute Martikorena, Imanol Uria, Iñigo Mantzizidor, eta Oier Etxeberria izango ditu kantukide. Biharamunean hasiko du txapelketa Aitor Bizkarrak, Lekeition (Bizkaia). Ane Labakak, Aner Peritzek, Aroa Arrizubietak, Eneritz Artetxek eta Maddalen Arzallusek egingo dute bertsotan kanporaketan. Saio biak 17:00etan hasiko dira.

Pagonabarraga, Agurainen

Gorka Pagonabarraga durangarrak beranduago ekingo dio txapelketari, urriaren 11n, hain zuzen. Agurainen (Araba) izango du saioa, eta beragaz batera Agin Laburu, Aissa Intxausti, Asier Azpiroz, Irantzu Idoate eta Nerea Elustondo bertsolariak igoko dira taula gainera. Bi saioetako sarrerak eskuragarri daude bertsosarrerak.eus atarian; bestela, saioak hasi baino lehenago zabalduko dira leihatilak. 

Txapelketako epaile taldeko kide da, bestalde, Miriam Juaristi zaldibartarra. 

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finala Iruñean izango da, abenduaren 20an, 11:00etan. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!