"Hainbat sasoitako musika biniloan islatu gura dugu"

Aritz Maldonado

Córdoba eta Moronatti, aurkeztuko duten garagardoagaz eta diskoagaz.

Azken lau hamarkadetan Durangaldean ondu diren doinuak bilduma batean batzeko ideiagaz jarraitzen dute KSKA kolektiboko lagunek. Zapatuan, bilduma horretako bigarren alea aurkeztuko dute, Abadiñoko Amaraun Arte Fabrikan, lagun eta sorpresa artean.

Bigarren bilduma honetan, zein taldek parte hartu dute?
Borja Moronatti: 47 taldek parte hartu dute oraingoan. Hauek dira euretariko batzuk: Non Demontre, Cuattro Clavos, Sermond's, Cleopatra Jones, Kilauea, The Kraven, SilikoSOS eta Fast Ladrillo. 
Aritz Córdoba: Kronologikoki kaleratzen gabiltza bilduma, garai guztiak biniloan islatzeko asmoz. Lehenengoan, 80ko hamarkadatik 2000ko hamarkadara artekoak batu genituen; orain, hamarkada bat inguru batu dugu, datu hori guztiz zehatza ez den arren. 90eko amaierako talderen bat ere sartu dugu, aurrekoan ez zelako kabitu. Bilduma zenbait aletan atera dugu, disko bakarrean ezin zelako atera; ekonomikoki ere ez zen bideragarria. 

Zapatuan aurkeztuko duzue, Amaraunen. Zelakoa izango da aurkezpena?
B. M.: Aurkezpena 12:00etan hasiko da. Diskoa aurkeztuko dugu lehenengo, eta, ondoren, Garaiko lagunekin prestatu dugun Marzen garagardo berezia. Gura duenak diskoa eta garagardoa erosteko aukera izango du. Ondoren, bazkaltzeko aukera egongo da: taloa. 
A. C.: Txistorra, gazta eta txokolatea aukeratu ahal izango dira taloan, eta aukera beganoa ere egongo da, hummusa kipula erreagaz. 16:00etan, kontzertuak hasiko dira. Garai hartako lau taldek kontzertu laburrak emango dituzte, baina ez dugu esango zeintzuk diren taldeak, sorpresa da.

Hirugarren alea martxan duzue?
A. C.: Azken hamarkadako taldeekin gabiltza hirugarren diskoa osatzen. Beste disko hirukoitz bat izango da, eta oraingoan ere Anartz Aranguenak egingo du diseinua. Musikari dagokionez, punk eta oi taldeak egongo dira, baina baita hip hopa, erromeria eta doinu patxangeroagoak ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!