Iker Unzueta, lau gol bi partidutan eta gero eta ezagunagoa den ospakizuna

J.D.

Iker Unzueta Mirandesekin sartutako gola ospatzen, ohi duen keinu bereziarekin. (Argazkia: Mirandes)

Abadiñarrak golegile hasi du denboraldia, eta duela hiru-lau urtetik hona egiten duen keinu bereziarekin ospatu ditu guztiak.

Iker Unzuetak (Abadiño, 1998) bikain hasi du Mirandes futbol klubeko abentura berria. Abadiñarrak lau gol sartu ditu azken bi partiduetan, bina norgehiagoka bakoitzean, eta gol bakoitzaren ostean keinu berdina egin du ospakizunean. Aurtengo udan ezkondu da eta bere emazteari eskainitako keinua da. Ospatzeko modu hori, ordea, ez da oraingoa. Duela hiru-lau urtetik egiten du Unzuetak, nahiz eta denboraldi hasiera honetan inoiz baino gehiagotan egiteko aukera izan duen.

Mirandesek galdu egin zuen ligako lehenengo partidua. Ondorengo biak irabazi egin ditu: 2-0 Ourensen aurka, eta 3-4, Meridaren zelaian. Gaztela Leongo taldeak sartutako sei goletatik lau Unzuetarenak dira. "Holako hasierarik ez dut inoiz izan", aitortu du abadiñarrak. Gehien hurreratzen zaion hasiera 2022/23 denboraldikoa da, Logroñesen; orduan gol bi sartu zituen denboraldi hasierako bi partidutan.

Gainera, Unzuetaren golak baliotsuak izan dira, taldeak hiru puntuak batzeko balio izan dutelako. Esaterako, Meridan Unzuetaren lehen golak partidua bina berdintzeko balio izan zuen. Bigarren gola, berriz, 93. minutuan heldu zen, penalti baten bidez. "Azken-azkenean taldeari garaipena eman zion gol hori sartzea itzela izan zen. Hiru puntuek asko esan gura dute taldearentzat", azaldu du. Bere esanetan, penaltia jaurtitzeko unean konfiantzaz zegoen, partidu ona egiten ari zelako. "Beti zaude apur bat nerbioso, baina baloia nahiko trankil hartu eta konfiantzagaz bota nuen", kontatu du.

Etapa berrian Mirandesen aurkitu duen giroarekin gustura dagoela dio. "Sekulako taldea aurkitu dut bai zelai barruan eta bai handik kanpora; harreman oso ona dugu". Euskaldun asko daude taldean. Euretako bat Iker Pedernales da, Durangon bizi den mungiarra.

Lehenengo Federazio Mailan jokatzen ari den Mirandesek mailaz igotzea du helburu eta xede horretan protagonista izaten saiatuko da aurrelari abadiñarra. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!