Zelan ezagutu zenituen 'grappling'-a eta Brasilgo jiu-jitsua?
Beti gustatu zait borroka eta arte martzialen mundua, eta arte martzial mistoen gorakadagaz batera nabarmen igo ziren grappling-a eta Brasilgo jiu-jitsua. Orain 20 urte ezagutu nituen, eta probatu nuenetik maiteminduta naukate.
Zerk erakarri zintuen?
Aurkaria kolperik eman barik menderatu zenezake eta oso deigarria egin zitzaidan hori. Ikuslearen aldetik baliteke hori ez ulertzea, baina behin praktikatzen hasita konplexutasun hori ulertzen duzu. Horrek liluratu ninduen.
Zaletasun handia dago eskualdean?
Geroago eta gehiago zabaltzen dabiltzan arren, kirol minoritarioak dira oraindino. Badira hamar urte Durangaldean zabaldu zela. Batzuk Durangora etorritako brasildar bategaz hasi ginen, eta zaletasuna handituz joan da harrezkero. Orain gehiago gara kirol hauek praktikatzen ditugunak, ume zein heldu. Mundu osoan izan den gorakadagaz batera egin du zaletasunak gora Durangaldean ere.
'Grappling'-a eta Brasilgo jiu-jitsua euskarara ekarri dituzu.
Brasilgo jiu-jitsuak Japonian du jatorria. Irakasle japoniar batek erakutsita sartu zen Brasilen. Judotik eratorritako kirola izanik, teknika batzuek terminologia japoniarra mantentzen dute. Baina beste askok terminologia portugesa dute, Brasilen sorturiko sistema delako. Mundura zabaltzerakoan, ingelesa ere sartu zen. Espainian sartzean gaztelaniara itzuli zen teknika edo giltz asko. Eskolak gaztelaniaz ematen hasi nintzen ni, halaxe jaso nituelako nik ere. Baina umeekin lanean hasita, ikusi nuen euskara beharko genukeela. Eta, jakina, hiztegi bat sortzera animatu nintzen.
Zelan sortu duzu hiztegia?
Japonierazko berbak mantendu ditut, itzulpen guztietan judotik datozen mugimenduen izenak errespetatu egin direlako. Baina portugesez, ingelesez eta gaztelaniaz dagoen terminologia itzuli dut. Berbaz berba itzuli nituen hasieran, baina teknika bera ulertu eta deskribatzeko berba aproposak aurkitzeko lanean jarraitzen dut.
Ez zen lan erraza izango.
Ez. Unai Campo ikaslearen laguntza izan dut; euskal filologoa da bera. Ahalik eta ondoen egiten ahalegindu naiz, baina prest nago aldaketak edo ekarpen berriak jasotzeko.
Amaierarik ez duen lana da.
Bai, baina behintzat badugu euskarri bat lanean jarraitzeko, eta pozik nago. Brasilgo jiu-jitsua oso zabala da eta grappling teknika mordoa dago. Denak itzultzea lan handia da eta baten bat itzuli barik geratu da, baina umeekin aspaldi hasi nintzen eskolak euskaraz ematen.
Zerk motibatu zintuen?
Kirol irakasle legez, euskaragaz konpromiso bat dudala sentitzen dut eta hortik abiatuta hasi nintzen umeekin lanean. Izandako harrera ikusita, helduekin hasi nintzen gero, baina batzuek ez zekiten euskaraz, eta euskararen normalizaziorako programa bat diseinatu dut, hiru fasetan garatzekoa. Kirol hauek euskaraz praktikatzeko testuinguru edo espazioak sortzea eta zabaltzea da helburua. Ametsa dut hori.
MOTZEAN
Jiu-jiutsuko giltza bat?
Antzar Heltzea.
Mendia ala hondartza?
Hondartza.
Bidaia bat?
Asko ditut egiteko... Filipinak.
Arte martzialetan aritzeko behar da...
Konstantzia.
'Granpling' borroka eta jiu-jitsua zer dira...
Xakea.