Kirol eta kulturako gizarte bonuak urte guztian eskatu ahalko dira Abadiñon

M.Z.

Abadiñoko Udalak kirol eta kulturako gizarte bonuen oinarri arautzaileak aldatu ditu, herritarrei udal laguntza hauek eskuratzeko "aukerak errazteko eta zabaltzeko asmoz".

Udaletik azaldu dutez, interesdunek orain arte epe jakin batean egin behar zuten eskaera, orain, berriz, eskaera aurkezteko urteko epe itxia ezabatu egin dute. 

Udalaren ustez, gizarte laguntza batek pertsonen zerbitzura egon behar du, eta ezin du oztopo administratibo bat izan. "Ez dugu nahi baldintzak betetzen dituen herritar bat udal laguntzarik gabe geratzea epea amaitu delako, aukera hori ezagutzen ez zuelako edo bere egoera aldatu delako. Administrazioak gertukoa eta malgua izan behar du, eta herritarren benetako beharrei erantzuteko gai izan behar da", esan dute udaletik. 

Bestalde, orain arte bezala, bonu hauek pertsonalak eta besterenezinak izaten jarraituko dutela, eta urte beteko epea izango dutela gaineratu dute. "Aldaketa honekin, Abadiñok pertsonak erdigunean jartzen dituen gizarte politikarekiko konpromisoa indartzen du, Administrazioa herritarren benetako beharretara egokituz", bukatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!