Uda normal batean nora eramaten dituzu ardiak, eta zenbat denborarako?
Nire kasuan, iaz eta aurten berdin mugitu dut ganadua. 60 buruko artalde bat mendira eramaten dut beti apirilaren azkenean. Ekain erdian artalde nagusia eramaten dut mendira. Hilabetez mendian batzen dugu esnea, gazta egiteko. Uztaileko azken egunetan etxera ekartzen ditugu beti, uda ona zein txarra izan. Abuztua etxean ematen dute. Aharitzeko ekartzen ditugu. Orain, irail hasieran, ia ardirik gehienak berriro mendira eramango ditugu. Hantxe egongo dira azaro azkenera arte. 20 bat urtean horrela egin izan dugu.
Orduan, zer da ohikotik aldatu dena?
Uda normal doanean, abuztuan jatekoa gura adina daukagu Sagasta inguruko landetan. Landa bateko belarra jaten dutenean beste batera pasatzen ditugu. Aurten zer pasatu da? Ekainean betiko moduan batu genuen belar sikua. Udaberrian euria egin zuen eta belarra ondo etorri zen. Kontua da belarra batu genuenetik hona ez duela ia euririk egin. Beraz, ez da belar berririk etorri. Abuztuko egun batzuk landetako belarragaz pasatu genituen, baina, handik aurrera, batutako belarra ematen hasi gara. Beraz, ardiak betiko manejuan mantendu ditugu, baina belarra egunero emanda, kanpoan ez zegoelako ezer.
Sikateak zelan aldatu du zure eguneroko lana?
Ardiak aharitzeko sasoia da eta normalean abuztua prozesu hori zaintzeko sasoia izaten da. Edo ardiak landa batetik bestera pasatzekoa, ur eta belar gehiago dagoelako, gerizpeagaitik… Egunero egiten dut buelta bat ardi multzo guztietatik. Hilabete lasaia izaten da eta artzain lan hori egitea asko gustatzen zait. Baina aurten ezin izan dut egin. Aurtengo lana hauxe izan da: goizetan landara joan, ardiak kortara eraman, jatekoa eman eta bueltan landara. Eta horrela ardi multzo askogaz. Beste ardi multzo biri jatekoa landara eraman izan diegu. Une batzuetan kaos itzela izan da; egun osoa bueltaka. Ardientzat ere ez da naturala sasoi honetan horrela ibiltzea.
Ezohiko mugimendu honek ardien aharitzean eragingo duela uste duzu?
Ez dakit. Hemendik bost hilabetera jakingo dugu seguru, ardiak erditzen hasten direnean. Oraingoz, ardiak aharira normal hurbildu direla ikusi dut.
Alderdi ekonomikoan zelan eragin dizu?
Belarra betiko moduan egin dugu. Negura begira ere ohiko alpapa kantitatea erosi dut. Ez dut sikateagaitik gehiago erosi oraingoz. Aurtengo aldaketa izan da abuztuan alpapa erosi behar izan dudala ardiei emateko. Ez dut askorik gastatu, baina normalean izaten ez dudan gastua da. Alpapagaz gainera, etxeko belarra eman diet eta hau ere ez da ohikoa.
Oraingoz ez dut planteatzen ganaduarentzat jateko gehiago erostea. Kalkulatzen dut daukadanagaz helduko naizela. Gero igual egoera aldatu eta sekulako kolpea hartuko dut, batek daki. Ez dago seguru esaterik.
Egunotan ardiak mendira eramango dituzu berriro. Zer itxura hartzen diozu mendiari?
Mendiari kolorea apur bat aldatu zaio berriro. Harrokeriarik barik, orain hilabete baino kolore hobea du mendiak; gure ardiak egongo diren alderdian bai behintzat. Lainoa sartzen da, gaua egunetik egunera luzeagoa da, goizetan freskoago egiten du eta lanpar hori belarraren mesederako da. Ni nabilen lekuan belarra mantentzen dabilela esango nuke. Hala ere, ikusi egin beharko da zelan doan udazkena.
Sikateak ez dizu zuri bakarrik eragin, sektore osoari baino. Ildo horretatik, Bazka Mahaian sektoreak (zenbait eragilek osaturiko gunea) proposatutako bazka-erosketa bateratua egiteko aukera mahaigaineratu dute; hau da, handizka erostea. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburu Amaia Barredok, ostera, orain egun gutxi esan du ez dutela bide hori bultzatuko, datozen hileetarako tokiko hornitzaileek nahikoa bazka dutela iritzita. Zer deritzozu?
Gai konplikatua da, baina Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundiaren partetik guganako utzikeria moduko bat ikusten dut. Nire ustez, Amaia Barredo sailburuak esandakoa ez da egokia, badagoelako beharrizana daukan jendea. Nire kasuan, aurrerago esan dudan moduan, oraingoz ez dut erosketa horretan sartzeko beharrik, baina hori nire kasu partikularra da. Badago jende bat oso txarto pasatzen dabilena, eta horri erantzun behar zaio. Horregaitik, argi dago bazka-erosketa bateratua aurrera eraman behar dena, beharrizana daukan jendeari laguntzeko.
Eta, horrez gainera, etorkizunera begira ere landu behar da gaia. Ez dugu krisi bat heldu arte itxaron behar. Denon artean ahalegina egin behar dugu erosi eta saltzeko modu batzuk lantzen. Horrelako plan batek segurtasuna emango liguke, urtetik urtera eguraldia aldatu arren. Baina une honetan dugun errealitatea kontuan hartu behar dugu, eta beharrizana daukan jendeari erantzun behar zaio.
Belar eskasiari buruz gabiltza, baina mendietako iturburuen ur eskasia ere nabarmena da. Zelan eragin dizu horrek?
Etxean ez dugu txorrota itxi beharrik izan; gure inguruan diot, Durangaldean. Igual hori ere helduko da, baina oraingoz behintzat ez dugu itxi. Mendiko egoera beste bat da. Mendian ur gutxi egoteak eragin handia du gugan. Mendian ura badago, ganaduak eutsiko dio, neurri baten barruan. Baina ur faltagaz ezinezkoa da. Toki batzuetan ura amaitu egin da eta kasu horretan ez dago zereginik, baina beste toki batzuetan, ni nabilen parajeetan kasurako, iturburu emankorra dago, baina ura ez dago ondo hartuta. Eta ura ondo hartuta ez badago, bere bidea aurkituko du eta alferrik galduko da. Nik behiak Artolan izaten ditut, sasoi batera arte. Udazkenean Amilla eta Asuntza aldera pasatzen ditugu. Aurten hilabete lehenago eraman ditut gora, Artolan ura falta zelako, iturburu emankorra dagoen arren.
Nire ustez, urari dagokionez mendi aberatsak ditugu, baina ez daude batere ondo aprobetxatuta. Beste adibide bat ipiniko dizut. Ardi multzo bat neukan leku batean aska bat dago eta han ura ez da sekula ere amaitzen. Ur asko dator beti. Aska beterik egoten da, baina gainezka egoten da eta litroak eta litroak galtzen dira egunero. Zergaitik ez ipini beste bi-hiru aska segidan, ura aprobetxatzeko? Esango nuke gabeziak daudela azpiegitura aldetik. Kontu horiek oharkabean pasatzen dira sikaterik bako urteetan, baina, sikatea badago, orduantxe azaleratzen dira gabeziak. Beste mendi batzuetan, Aralarren adibidez, ganadu kopuru handiagoa dago eta sikatea dagoenez askak hutsik daude. Urik ez dagoen seinale, jakina. Baina behintzat askak ondo ipinita daude, nik ikusi ditudan argazkietan. Oro har, abeltzaintzaren ikuspegitik gure inguruko mendiak abandonatuta daudela sentitzen dut. Eta ez dago urrun joan beharrik ideiak hartzeko. Inguruetan egin dutenari begiratu besterik ez dago.