Matias Romerok bere azkenengo lan eguna zuen atzokoa, goizero moduan hasi zuen eguna; baina eguerdian, ezustean, lepo bete zitzaion taberna. Ezustekoa izan zen berarentzako, baina ez bere ingurukoentzako. Etxekoek, lankideek eta zenbait auzotarrek egunak pasa dituzte 'Mati'ri agur festa antolatzen.
Hunkigarria izan zen oso. Hunkitu zen 40 urtez Vancouver tabernako barraren atzean egon den arduradun jator baina serioa, hunkitu ziren bere ingurukoak eta baita auzotarrak ere. Izan ere, lau hamarkada hauetan Vancouver taberna eta bertako langileak Traña-Matienako egunerokoaren parte izan dira, eta atzokoa horren adibide argia izan zen, auzo baten eskertza jaia izan zen.
Agur jaiari hasiera trikitilariekin eman zioten, ostean dantzan egin eta ondo merezitako txapela eman zioten. Egunari amaiera borobila emateko, DJ batek musika jarri zuen.
Orain, erretiroa hartzeko eta disfrutatzeko momentua heldu zaio Vancouverreko arduradunari. Bitartean, Traña-Matienako auzotarrek nabarituko dute honek utzitako hutsunea.