Abadiñoko Udaleko uztaileko Osoko Bilkuran, udalerriko segurtasuna, irisgarritasuna eta espazio publikoaren kalitatea hobetzeko bi inbertsio berri onartu ziren. Zehazki, 216.268 euro bideratuko dira udalerriko zenbait gunetako argiztapena indartzera eta Solokoa 1-3 ingurua urbanizatzera.
Alde batetik, Udalak 120.000 euro inbertituko ditu Abadiñoko hainbat puntutan argiteria publikoa hobetzen jarraitzeko. Oraingo honetan, Traña Matienako Erezena inguruan eta Muntsaratzeko Kamiñopean egingo dituzte LED argi berriak instalatzeko lanak. Oinezkoen "segurtasuna indartzea" eta "argiztapen eredu jasangarriago" baterantz aurrera egitea da jarduketa honen helburua, udalak ohar batean zehaztu duenez. Jarduketa honek jarraipena ematen dio azken urteetako prozesuari. Orain arte, Muntsaratzeko, Zelaietako eta Traña-Matienako hainbat kaletan jarri dituzte LED argi berriak, baita Gaztañodi inguruan eta Pino plazan ere. Diru partida horretatik, 56.000 euro Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza sustatzeko sailetik jaso dira.
Bestalde, Udalbatzak 96.268 euroko partida onartu du Solokoa 1-3 ingurua urbanizatzeko. "Jarduketa horri esker, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetuko dira espazio horretan, oinezkoen joan etorriak erraztuz eta eremua egokituz, erabiltzaileentzat erosoagoa eta seguruagoa izan dadin", azaldu dute.