ANBOTO Telebista

[BIDEOA]: "Komertzio txikiak zerbitzu bat ematen du; horixe izan da gure apustua beti"

Ekaitz Herrera / Aitziber Basauri 2026ko uztailaren 11

Paradoxa batek elkartu zituen Edurne Galdona (Arroa, 1961) eta Aitor Murua (Abadiño, 1964). Itziarko Txitxarro diskotekan elkar ezagutu zuten, eta, hara non, hiru hamarkadatik gora eman dituzte arraina saltzen. Txitxarroa, jakina, eta beste arrain asko ere bai. Edurne arraindegiak abuztuaren 5ean itxiko ditu ateak behin betiko. Bikoteak esker oneko berbak baino ez ditu bezeroentzat. 

Arrainari buruz ezer gutxi jakinda hasi zenuten bidea.
Aitor Murua: Arraina zer zen ere ez genekien.

Edurne Galdona: Erretiroa hartu zuenean, aurreko ugazabak salgai jarri zuen arraindegia, eta guk hartu genuen. Denbora baterako proiektua izango zela pentsatu nuen, beste zerbait topatu arte. Baina aurrera jarraitu genuen eta gure proiektua izan da gaur arte. Lehengo ugazabak erakutsi zigun. Gustatu egiten zitzaion arrainaren mundua eta nik ere gustua hartu nion, berari eskerrak. 

Goizean goiz hasten duzue eguna.
A.M.: Egunero 04:15ean esnatzen naiz, Ondarroatik eta MercaBilbaotik arraina ekartzeko. Gero mostradorea prestatu, eta Edurne etortzen da. Eguerdira arte hemen egoten gara biok.

E.G.: Askotan, bezperan pentsatzen dugu zein arrain erosi. Ardura hori hor dago.

A.M.: Oso produktu delikatua delako, oso galkorra. Argi ibili behar da zer eta zenbat erosi; prezioa ere oso aldakorra da. Askoz ere hobea da ardura norberak hartzea. Dena dela, behin martxa hartuta ez da gatxa.

Urteotan aldatu egin da bezeroa?
A.M.: Janari prestatua geroago eta gehiago kontsumitzen da, eta, zoritxarrez, bezero asko hil da. Gazteagoek ez dute arraina kontsumitzen, hemen ez behintzat. Baliteke beste nonbaiten erostea. Pena da, apurka auzoko negozioak ixten doazelako. Egun batean Traña-Matienan tabernak baino ez dira geratuko (barrez).

Bezeroek zelan hartu dute itxiera?
A.M.: Penaz. Adineko jendeak esaten digu eurengan eragin handia duela, zoritxarrez. Ez dakite nora joan. Kotxea hartu eta beste nonbaitera joan behar dugu askotan. Instituzioetatik esaten digute gutxiago erabili behar dugula kotxea, mugikortasunaren alde, baina gero, ogia erosteko, adibidez, kotxea hartzen dugu. Komertzio txikiak zerbitzu bat ematen du eta horixe izan da gure apustua beti.

E.G.: Gainera, batez ere adineko bezeroekin, badago konfiantzazko harreman bat. Telefonoz deitzen dute eta arraina prest dagoenean etortzen dira. Lasaitasun hori dute, konfiantza dute gugan, etxe ondoan. 

Bereziki gogoan duzuen bizipena?
A.M.: Pandemia. Gogorra izan zen, baina berezia aldi berean. Auzokide guztiek hona etorri beharra zuten. Zenbat jende! 'Egindakoak zerbaiterako balio du', pentsatzen genuen.

E.G.: Ohartu ginen ezinbestekoak garela batzuetan. "Eskerrak zuek zaudeten", esaten ziguten.

Ixtea erabaki gatxa izan da?
E.G.: Bezeroagaz harremanak asko aberastu nau; arraindegira datozenek beti ematen dute zerbait, eta badut pena apur bat. Urte asko dira, jendea asko ezagutu dut, belaunaldi asko...

A.M.: Denbora libreaz disfrutatzeko gogoz nago ni.

Zelan ikusten duzue etapa berria?
E.G.: Biok lan handia egin dugu eta etapa polit bat hasiko dugu guretzat denbora hartzeko. Ariketa egitea gustuko dut, garrantzitsua da ondo egoteko. Duela bi urte yogan hasi nintzen eta oso aberasgarria izan da.

A.M.: Denbora librea aprobetxatuko dugu. Mendira joatea eta ibilbideak egitea gogoko dugu. Osasuna lagun dugu, gainera.

MOTZEAN

Garbitzeko arrainik gatxena?
E.G.: Zapoa.
A.M.: Oilarra.

Arrain gustukoena?
E.G.: Txitxarroa.
A.M.: Hegaluzea.

Arraina laban ala arrautzaztatuta?
Biak: Laban.

Faltan igarriko duzue...
Biak: Bezeroekin harremana.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!