Mendi bizikletak leku berezia hartu du Abadiñoko kirol egutegian azken urteotan. Horren erakusgarri izango da zapatu honetan Zelaietan jokatuko den Bizkaiko MTB Sari Nagusia, modalitatea herritarren artean sustatzeko helburuarekin. Gainera, aurten Bizkaiko txapeldunak erabakiko dira.
Txirrindulariek 4,2 kilometroko ibilbideari aurre egingo diote lasterketa guztietan. Hasiera eta helmuga Fundiciones San Vicente inguruan kokatu dituzte. Probak bi txandatan banatuta daude. 10:00etatik aurrera honako mailak lehiatuta dira: gizonen 40, 50 eta 60 masterrak; emakumeen elite eta 23 urtez azpikoak; emakume juniorrak, eta, mutil zein neska kadeteak. 12:00etatik aurrera gizonen lau maila egongo dira ikusgai: elite, 23 urtez azpiko, junior eta master 30 mailak.
Durangaldeko Café Dromedario Flotamet taldea podiumerako borrokan ibiliko da hainbat ziklistagaz.