Urtebete da hazia erein zenutela. Zelakoa izan da orain arteko bidea?
Alazne Belar: Ondo joan da, pentsatu baino hobeto. Ilusioz hasi ginen, jakin barik zelan joango zen, eta pentsatuaz, igual, kamisetak lagunei oparituko genizkiela urtegunetan (barrez).
Jon Agirrebeitia: Bai, ideia zoro bat izan genuen. Lehenengo kamiseta oso ondo saldu genuen, jendeagaz nahiko hartu-eman positiboa izan genuen, eta aurrera jarraitu dugu.
Balorazioa positiboa da, beraz.
J.A.: Oso positiboa. Ez genuen uste honaino helduko ginenik.
A.B.: Bai. Eta egundoko ilusioa egiten du jendea gure kamisetekin ikusteak. Batez ere, herrian saldu dugu, baina pozgarria da jendeak ea kamisetarik badugun galdetzea. Umetxoentzat ere atera genituen kamiseta batzuk, eta oso polita da eskolan haiekin ikustea eta umeek gurasoei kamiseta eskatzen dietela ikustea.
Zelan definituko zenukete zuenproiektua?
J.A.: Arropa marka bat baino gehiago da, jarrera bat da guretzat. Gauzak gogoz, konpromisoz eta benetakotasunez egiten dituzten pertsonentzat sortua. Uste dugu zer egiten duzun baino garrantzitsuagoa dela zelan egiten duzun. HAZIren bitartez komunitate bat eraiki gura dugu, gure egiteko moduagaz identifikatzen den jendea elkartzeko.
A.B.: Uste dugu indarragaz eta gogoagaz dena lortu daitekeela, bizitzak trabak ipini arren.
Arduraz egindako kamisetak dira zuenak, iraunkorrak.
A.B.: Bai, %100ean kotoi organikoz eginda daude. Kirol-jertse batzuk ere bai, ez denak. Produktuaren eta prezioaren artean oreka mantendu gura dugu. HAZI denen eskura egotea gura dugu.
J.A.: Ahal dugun neurrian, mundu iraunkor baterako gure alea ipini gura dugu.
Kamisetak, kirol-jertseak eta biserak saltzen dituzue. Aurrera begira, eskaintza zabaldu gura zenukete?
J.A.: Proba batzuk egin ditugu, prakekin, bainujantziekin... baina proiektu txikia da gurea.
A.B.: Apurka goaz, ahal duguna egiten. Gu biok gara, bakoitzak bere lana du, eta familia dugu. Urtean zehar zenbait produktu atera gura genuke. Guk zer erabiliko genuen aztertzen dugu, eta, hortik abiatuta, jendeak zer izan dezakeen gogoko.
Diseinua sortu eta Bilbo ingurura eramaten duzue serigrafiatzera.
J.A.: Bai. Neuk serigrafiatu gura nuke, baina oraindino goiz da horretarako. Lehenengo diseinua bion artean sortu genuen, eta bigarrena Elorrioko diseinatzaile bategaz elkarlanean.
Abadiñoko azokan egon izan zarete.
A.B.: Bai, eta joan zen astean Ondarroako Euskal Herriko Kamiseta azokan. Familia osoa egoten gara, gainera. Elkar ezagutzeko aukera ematen du eta beste azokaren batera ere joan gura genuke.
J.A.: Aurrez aurreko hartu-emana garrantzitsua da. Galdetzeko, produktuak ukitzeko... Sorpresaren bat ere izan dugu: adineko andre bat etorri zen kamiseta bat erostera. Penaz joan zen, ez zuelako neurrikorik topatu.
Noraino helduko da HAZI?
J.A.: Oinak lurrean ditugula, Bizkaira zabaldu gura genuke. Eta Euskal Herrira bada, ba hobeto, baina astiro.
A.B.: Presio eta prisarik barik goaz.
MOTZEAN
Sortzeko, musika ala isiltasuna?
A.B.: Musika.
J.A.: Isiltasuna.
Mendia ala hondartza?
A.B.: Mendia.
J.A.: Hondartza.
Ezinbesteko osagarria?
A.B.: Biserak gustuko ditut.
J.A.: Gerrikoa.
Jertsea, txanoduna?
Biak: Bai, txanoduna.