Zerbitzu honen asmoa, arreta zerbitzu integrala eskaintzea izango da, ikuspegi pertsonalizatu eta komunitario batetik. Zerbitzu berriak, gainera, senide eta zaintzaileentzako laguntza garrantzitsua eskainiko duela jakinarazi dute. Hori horrela, balibide honek familiaren eta komunitatearen arteko oreka hobetzen lagunduko dutela diote Mankomunitatetik eta Abadiñoko Udaletik.
“Ekimen honek garrantzi estrategikoa du eskualdeko gizarte zerbitzuen sarearen garapenean. Izan ere, biztanleriaren zahartzea gero eta handiagoa den testuinguru batean, funtsezkoa da baliabide berriak garatzea eta lehendik daudenak indartzea, pertsona guztiek arreta egokia jasotzeko aukera izan dezaten. Azken finean, eguneko arreta zerbitzu berri honen abiarazteak aurrerapauso esanguratsua suposatzen du zaintza eredu integralago, hurbilago eta pertsonengan oinarritutako baten alde, Durangaldeko herritarren ongizatea erdigunean jarriz”, azaldu du Idoia Otaduy Mankomunitateko presidenteak.
Proiektu hau gauzatzeko Durangaldeko Mankomunitatearen eta Abadiñoko Udalaren arteko lankidetza hitzarmena "funtsezkoa" dela diote bi erakundeek. Datozen egunetan sinatuko duten hitzarmenari esker udalak lokal baten erabilera lagako baitio Mankomunitateari.
“Durangalde osoarentzat erabilgarri egongo bada ere, Abadiñon bertan halako zerbitzu bat martxan jartzeak onura berezia izango du abadinarrentzat, gertutasunagatik. Ulertzen dugu zaintzaren gaia erabat estrategikoa dela gure gizartean, eta, horregatik, legegintzaldi honetan martxan jartzen ari garen zerbitzuekin
batera, eta etorkizuneko erresidentziarekin batera, eguneko zentroak gehien behar duten pertsonen arreta eta babesa indartzen lagunduko du", gaineratu dute Abadiñoko Udaletik.