Abadiñok udal jarduera handitu du plantilla indartuta

Anboto 2026ko ekainaren 30a

Artxiboko irudia.

Abadiñoko Udalak prentsa ohar bidez azaldu duenez, udalaren administrazio jarduerak hazkunde handia izan du azken urteotan eta hazkunde horren aurrean, udalak antolaketa eta kudeaketa gaitasuna indartzearen aldeko apustua egin du. 2022tik 2025erako denbora tartean, bost langile berri sartu dira udal plantillan. "Eta horrek aukera eman du hainbat sail indartzeko eta herritarren beharrei erantzuteko", esan dute udaletik. 59 langile izatetik 64 izatera pasa da Abadiñoko Udala. 

Ildo beretik, Udalak hainbat mekanismo adostu ditu langileen ordezkariekin, antolakuntzari malgutasun handiagoa emateko eta udal langileen lan baldintzak hobetzeko. Besteak beste, telelanerako eta ordutegi kontrolerako ordenantzak onartu dira, barne antolaketa hobetzeko eta kontziliazioan eta administrazioaren eraginkortasunean aurrera egiteko asmoz.

Horrez gain, azpikontratatutako zerbitzuei dagokienez, lehentasuna eman dietela kontratuak behar bezala betetzeari eta langileen ongizateari azaldu dute udaletik. "Ildo horretan, gogora ekarri behar da udalak eta eraikinen garbiketa zerbitzuko langileen ordezkaritza sindikalak lortutako akordioa, langileen baldintzak hobetzeko helburua zuena", gaineratu dute. 

"Administrazioa herritarrengandik gero eta gertuago egotea da gure helburua. Udalaren planifikazioa, jarraipena eta erantzuteko gaitasuna hobetzeko urrats garrantzitsuak egin ditugu, baina lanean jarraitu behar dugu administrazioa gero eta eraginkorragoa izan dadin eta herritarrei zerbitzu hobea eskaini diezaien", bukatu dute udaleko kideek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!