"Abadiño euskaldunago egiteko talde motorea indartzea izango da norabidea"

Ekaitz Herrera 2026ko ekainaren 26a

Manuel Moreno eta Irati Barona.

Bizkaian bagara egitasmoaren barruan, Taupak gogoeta saioak egin ditu Abadiñon. ANBOTOk Irati Barona dinamizatzaileagaz berba egin zuen. 

Zer da Taupak Abadiñon egin duena?
Abadiñon gogoeta saio batzuk egin ditugu. Hau da, bertan antolatuta zegoen taldetxo bati, euskaltzale talde bati, euskaltzaleak izan daitezkeen hartu-emanak egitea edo jendea identifikatzea eskatu diogu, eta zenbait saio planteatu dugu denak batzeko eta gogoeta egiteko. Bizkaiko Foru Aldundiak lagundutako ekimena da, eta ideia edo helburua da Abadiño euskaldunagoa izateko zer beharko luketen identifikatzea, eta hori ere, nolabait, errealitatera ekartzea. Esan nahi dut, errealista eta egingarria izatea. Abadiño euskaldunagoa izateko zer egin daitekeen planteatzea da, hori guztia txikitasunetik. Azken batean, herritar talde bat, euskaltzale batzuk, saretu dira eta.

Hiru saio egin dituzue Abadiñon. Zein izan da saio hauetan egin duzuena?
Lehenengo saioan parte hartzaileek diagnostiko bat atera zuten, bakoitzak bere bizipenetatik eta ezagutza edo ez-ezagutzetatik. Hor hainbat ideia atera zen, ideia orokorrak, gai desberdinekin lotura dutenak. Behin ekarpen horiek izanda, ekarpen edo ezagutza eta ez-ezagutza horiek arloka banatu genituen. Eta gero, horien artean sailkapen bat egin genuen. Bigarren saio batean, hiru aukeratu genituen eta horietan zentratuta zer gauza egin daitezkeen proposatu genuen. Eta azken saioan, aurretik egindakoari gorputz gehiago eman diogu, apur bat gehiago zehaztu dugu egin beharrekoa, Abadiñora bertara jaitsita.

Hiru ardatz zehatz irten dira Abadiñoko kasuistikan: aisialdia, motibazioa eta sentsibilizazioa, eta kirolak. 
Jendearen iritziz, hiru gai horiek dute lehentasuna. Abadiñon egon badago talde motorea sortzearen ideia, eta, hasteko, horixe da garrantzitsuena. Egia esanda, gaur egun badago taldetxo bat, baina jende gehiago batuz gero talde hori egonkortu egin liteke eta gaitasun handiagoa izan lezake eragiteko. Aisialdian ere ikusi da badagoela aukera eragiteko, eta, kasu honetan, talde motorearen jarraipena ez litzateke hain beharrezkoa izango. Baita kirol munduan ere. Kasu honetan, euskaraz jakin arren, gure hizkuntza ez da askorik erabiltzen. Beraz, talde motorea sortzen bada, esango nuke hiru arlo hauek oso uztargarriak direla eta taldeak badaukala potentziala. Saio hauetan parte hartu eta gero, jendea motibatuago ikusten dut. Eta, nire ustez, hori izango da norabidea Abadiño euskaldunago egiteko, taldea indartzea, eta horren barruan helduleku izan daitezkeen hiru ideia horiek garatzen joatea. 

Norabide hori Abadiñoko taldeak erabakiko du ala Taupa arituko da horretan?
Egia esanda, nire lehenengo aldia da halako gogoeta saio batean, eta apurka-apurka ikasten nabil. Baina, nire ustez, orain Abadiñoko sare honen txanda da eta eurek hartu behar dute lekukoa. Saretuta dauden bitartean, jakingo dute zein den norabidea eta ikusiko dute norantz joan. Hori bai, Taupa beti izango dute bidelagun, baita neu ere. Beraz, Taupa bigarren plano batean geratuko da orain, baina hor jarraituko du. Sareak hartu behar du protagonismoa.

Horrelako egitasmoak zergaitik dira garrantzitsuak euskararen berreskurapenerako?
Espazio bat sortzen dute euskarari dedikatzeko, izan aktibazioan, izan sentsibilizazioan. Nolabait esateko, arnasgune bat ematen diote euskarari, baina batez ere espazio bat zeinetan horixe den gai zentrala. Espazio hauek saretzeko ere balio dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!