Azken urtean hartutako neurriek Abadiñoko aparkalekuen arazoa "hobetu" dutela dio udalak

Anboto 2026ko ekainaren 11

Duela urtebete TAO zerbitzu berria jarri zuten Traña-Matienan. Uztailean, berriz, 70 aparkaleku berri ezarri ziren Muntsaratzen. 

Urte bat bete da Traña-Matienako aparkaleku sistema berria martxan jarri zenetik, eta Abadiñoko Udalak prentsa oharra kaleratu du honen balorazioa eginez. Udaletik azaldu dutenez, hartutako neurriek aparkalekuen arazoa "hobetu dute". "Herritarrei Traña-Matienako aparkaleku sistema berriari buruz galdetu zitzaien, eta iritzia eman zutenen artean, %60,3k adierazi zuten hartutako neurriak egokiak edo oso egokiak zirela, eta %23,8k, aldiz, desegokiak edo oso desegokiak zirela. Horrez gain, herritarren erdiak aipatu zuten errazagoa dela egun aparkatzea", esan dute udaleko kideek. Inkestaz gainera, herritarrekin balorazio bilera bat egin zela jakitera eman dute, eta, haren ondotik, zenbait egokitzapen egin zirela azaldu dute.  

Traña-Matienako TAO sistema berriaz gain, Muntsaratz auzoan 70 aparkaleku berri gaitu zituezten. "Lan horien bitartez, auzoko aparkalekuaren problematikari konponbidea ematea bilatu nahi izan zen", gaineratu dute. 

Udalak nabarmendu dutenez, azken urteetan garatutako jarduerei esker udalerriko hainbat puntutan aparkalekuen egoera hobetu bada ere, aparkatzeko zailtasunak hobetzeko, oraindik ere badago zer landu: "Mugikortasuna eta aparkamenduaren arazoa Udalaren erronka nagusietako batzuk dira, eta, horregatik, ikuspegi errealistatik jokatu dugu: posible zen tokietan zeuden plazak optimizatu ditugu, eta plaza berriak sortu ditugu baldintzek uzten zutenean. Lehen urte honetan lortutako emaitzak positiboak dira, eta lanean jarraituko dugu beharrezkoa den lekuetan aparkaleku eskaintza handitzeko”. 

Beraz, testuinguru horretan lanean jarraitzen dutela azaldu dute, eta dagoeneko proiektu bat idatzita badutela jakinarazi dute. .Dagoeneko idatzitako proiektua, Zubibitarte kalean aparkaleku berri bat egitekoa da. Baina, beharrezko kudeaketak egiten ari dira aurreikusitako lursaila erabili ahal izateko. " Lursail pribatua denez, ezinbestekoa da eremu hori ekipamendu bezala izendatzen duen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) onartzea", bukatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!