Zapatuan San Antonio eguna ospatuko dute Urkiolan. 10:00etatik 14:00etara ganadu eta baserriko produktuen azoka egongo da. Lehen sektoreko 34 postu, artisautzako 20 postu eta txosna bi egongo dira. Horiez gainera, zaldi eta ardi aziendak ere egongo dira. Azokak irauten duen tarte horretan, trikitilariak eguna girotzen arituko dira. Eta ohikoa den moduan, bertsolarien saioa ere egongo da. Anjel Mari Peñagarikano eta Sustrai Colina arituko dira bertsotan. 12:00etan, Mikel Añibarrok ardi mozketa erakustaldia egingo du santutegiaren ondoan. Eta ondoren, 13:00etan, Urkiolako harriaren ondoan, Iparragirre kantariaren Gernikako Arbola abestia kantatuko dute.
Aurten, zaldi aziendek protagonismo berezia izango dute eta karpa azpian egongo diren lau zaldiren artean hazitarako abererik onena aukeratzeko herri lehiaketa bat antolatu dute, besteak beste.
Hurrengo egunean Errepetiziño domeka ospatuko dute. Egun horretan ere, goizean zehar, baserriko produktuen azoka egongo da. 12:45ean herri kirolak egongo dira, eta 16:30ean erromeria Aiko taldeagaz.
Autobus zerbitzua
Joan-etorriak errazteko, doako autobus zerbitzua ipiniko dute ekainaren 13an eta 14an Abadiñotik. Zelaietatik 9:00etan, 10:00etan eta 11:00etan irtengo da autobusa, eta Traña-Matienan geldialdia egingo du. Urkiolatik 17:00etan eta 18:00etan irtengo da bueltako autobusa.
Durangotik ere egongo da autobus zerbitzua, Bizkaiko Foru Aldundiak ipinita. Doakoa izango da eta egun bietan egongo da zerbitzua, San Antonio egunean eta Errepetiziño domekan. Autobusa Madalenako autobus geltokitik irtengo da eta etenik barik ibiliko da, 10:00etatik 19:00etara.