Abadiñoko Zaintza Ereduaren plana jendaurrean aurkeztuko dute

M.Z. 2026ko ekainaren 3a

Abadiñoko Udalak datozen urteetarako zaintzen arloko lan ildoak markatuko dituen agiria egin du: Zaintza Ereduaren Jarduera Plana. Herrian zaintza plana elkarregaz zelan definitu da plan honen helburua, gaur egungo eta etorkizuneko beharrizanei erantzuteko, batez ere 60 urtetik gorako pertsonen beharrizanei erantzuteko. Prozesu honetan, arduradun politikoek, udaleko teknikariek, gizarte eragileek, zerbitzu publikoen kudeatzaileek eta adinekoen elkarteek parte hartu dute. 

Jarduera plana Abadiñoko egoeraren azterketa zehatz batetik abiatu da. Azterketa horretan, herritarrak zelan bizi diren, zeintzuk beharrizan dituzten, egoera soziala zelan dagoen eta egoera ekonomikoa zein den aztertu dute, besteak beste.

Bestalde, proposaturiko eredua ideia nagusi baten inguruan egituratzen dela nabarmendu dute. "Zainketak hurbiltasunetik garatzea, pertsonen ohiko ingurunean, sare komunitarioak indartuz eta zerbitzu publikoen, herritarren eta auzokideen arteko lankidetza bultzatuz", esan dute udaleko kideek. "Gainera, eredu hau ez da dokumentu bat bakarrik, Abadiño ulertzeko modu bat ere bada, denon artean zaintzen, laguntzen eta eraikitzen den herri bat", gaineratu dute udaleko kideek. 

Hori horrela, ekainaren 9an 18:00etan Errota Kultur Etxean egingo duten bilerara joateko deia egin diete herritarrei. Dokumentua azaldu eta ekarpenak jasoko dituzte bertan. Bilera horretan Auzosare ereduaren proba pilotua martxan ipiniko dela ere jakinarazi dute. Bakardade egoeran bizi gura ez duten pertsonen egoera garaiz detektatzeko ekimena da Auzosare. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!