Banarteko ikasleak, antzerki ikastaroko emaitza taularatzeko prest

E.H. 2026ko ekainaren 1a

Emanaldi bi egingo dituzte ikasturtea 'Un sombrero de paja de Italia' komedia aurkeztuta amaitzeko. Bariku honetan Abadiñoko Errotan aurkeztuko dute. Hilaren 12an, Iurretako Ibarretxen.

Banarteko antzerki ikasleek ikastaro osoan zehar prestatutakoak taularatuko dituzte datozen asteburuetan. Ikasleek Un sombrero de paja de Italia obra eskainiko dute Mikel Areitioaurtena ermuarraren gidaritzapean. Ekainaren 5ean egingo dute lehenengo funtzioa, Errota Kultur Etxean, 19:30ean. Eta Iurretako Ibarretxe Kultur Etxean bigarrena, hilaren 12an, 19:00etan. 

Antzerki tailerrean eskualdeko herri ezberdinetako bederatzi ikaslek parte hartu dute, eta euretariko gehienentzat hori izan da interpretazioarekin izan duten lehenengo hartu emana. Alde horretatik, orain hasitakoa "bide luze baten lehen urratsa izatea" gura du Banartek

Sinopsia

Istorioa Fadinard izeneko senargaiaren inguruan ardazten da: bere ezkontza egunean, zaldiak emakume ezkondu baten kapela jaten du. Hortik aurrera, denboraren aurkako lasterketa ero bat hasiko da Paris osoan zehar kapela berdina aurkitzeko, senar jeloskorrak desleialtasuna aurki ez dezan. Bitartean, ezkontzako segizio osoak Fadinard jarraituko du hiri osoan zehar, zer gertatzen ari den ulertu gabe, egoera guztiz absurduei bide emanez.

Un sombrero de paja de Italia 1851n Eugène Labiche eta Marc-Michelek idatzitako komedia da. Frantziako vodevil-aren maisulantzat hartzen da, eta XIX. mendeko moral burgesa satirizatzen du sare kaotikoen bidez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!