"Abadiñoko publikoa ikaragarria da; oso ondo ulertzen dute nire umorea"

Maialen Zuazubiskar 2026ko maiatzaren 29a

Domeka eguerdian 12:30ean, umore eta kritika sozialaz gozatzeko aukera paregabea dago Mendiolan, Ane Lindane umoregile bilbotarraren eskutik. 

Elkarrizketa hau zure umoreari adjektibo bat ipinita hasi gura nuen. Jarriko zenuke zuk adjektiboa?
Umore punkia eta politizatua. 

Nondik hartzen duzu umorea egiteko lehengaia? Zerk inspiratzen zaitu?
Orokorrean, bizitzak. Pertsona politizatua naiz eta berriak irakurtzen nabil beti. Eta lagunekin beti politikari buruz, feminismoari buruz, transfeminismoari buruz berba egiten dut. Bizitza segun eta zelan ulertzen duzun, errealitatea nahiko txistosoa da.

Badago mugarik umorean?
Beti egiten didate galdera hau eta gustura erantzungo nioke drama egiten dutenei ere galdetuko baliete. Nik beti galdetzen dut: non daude umorearen mugak? Ba, epaitegietan. Orduan, zer gura duzu esatea? Aurreko egunean deklaratzera joan behar izan nuen umorea egiteagaitik, eta barreak aguantatu behar izan nituen. Beraz, epaitegietan ere badago umorea. Batzuetan, oso gauza arraro bat balitz bezala ulertzen dugu umorea, baina umorea ere komunikatzeko tresna bat da, eta zilegia da, drama zein poesia zein beste edozein tresna legez. Beraz, umorearen mugak adierazpen askatasunak dituen muga berean daude. 

Abogados Cristianosek salaketa ipini zizun, Arberatze-Zilhekoan (Nafarroa Beherean) "erlijioari irain" egin zeniolakoan.  Zer puntutan dago auzia?
Epaiketaren zain gaude. Oraindino ez daukagu epaiketarako datarik. Epailearen aurrean deklaratu nuen aurreko batean, eta uste nuen epaileak momentuan bertan artxibatuko zuela kasua. Baina ez. Honek ez dauka ez hankarik ez bururik. Eta zein da arazo nagusia? Ba hor talde ultrafaxista eta interesatu katoliko bat dagoela, Abogados Cristianos izenekoa, zentzurik bako salaketak ipintzen dituena, beti artista eta umoregileen kontra, eta sekula ere ez pederasten kontra. Eta hori baino txarrago: epaileek onartu egiten dituzte horrelako salaketak. Nik sarritan galdetzen dut: horretarako daude epaitegiak? Gaur egun askoz ere arazo larriagoak daude gure gizartean, eta epaileek horrelakoekin denbora galtzea arduragabekeria hutsa da.

Domekan Abadiñora etorriko zara. Zer moduzkoa da publikoa?
Ikaragarria! Eta ez dut esaten ondo geratzearren. Aurrekoan egon nintzenean, izugarri ondo pasatu nuen. Horrelakoetan pentsatzen dut: zer polita den nire lana eta zelako jende zoragarriagaz elkartzen naizen. Hain jende ederrari barrea eragitea luxua da. Durangaldean jendeak oso ondo ulertzen du kodea. Nire iritziz, gipuzkoarrek barrurantz barre egiten dute, ez dakit zer gertatzen zaien, baina kostatu egiten zaie kanporatzea. Baina hemen, Bizkaian, Durangaldean, jendeak badaki barrea kanporatzen, badakite zarata egiten. Euskal Herrian oraindino "stand-up" formatua ikasten gabiltza, bai artistak eta baita publikoa ere. Guretzat fenomeno berria da umore mota hau euskaraz eta formatu honetan egitea, eta publikoa ere badabil ikasten zeintzuk diren kodeak. Eta Abadiñon jendeak argi dauka: barrea izan behar dela gure erantzuna.

Amaitzeko, zergaitik joan behar da domekan Mendiolara?
Despotorratuko zaretelako. Umore punka, feminista eta politizatua gustuko baduzue, etorri. Eta gustuko ez baduzue ere, etorri; ziur nago iritzia aldatuko duzuela. Gainera, katolizismoari gogor emango diot eta epaiketa gastuekin lagunduko didazue. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!