Ekainaren 1etik aurrera, Bilbora zuzenean doan Bizkaibuseko linea Muntsaratzen geldituko da

Maialen Zuazubiskar 2026ko maiatzaren 27a

Abadiñarren eskari historikoa izan da. Herritarrek eta udalaren ekimenez lortu dute A3923 linea Muntsaratzen gelditzea. 

Abadiñoko Udalak gaur goizean jakitera eman duenez, Bizkaiko Bizkaiko Foru Aldundiak Muntsaratzeko geltokia Bizkaibuseko A3923 linearen ibilbide guztietan sartzea onartu du. Linea horrek, Bilbo eta Elorrio lotzen ditu, eta orain arte, Muntsaratzetik igarotzen zen arren, ez zuen geldialdirik egiten. Behin hau onartuta, aldaketa ekainaren 1etik aurrera sartuko da indarrean.

Eskari hau, eskari historikoa da. Horren adibide dira udalak Bizkaiko Foru Aldundiagaz egindako bilera guztiak eta baita, iazko udaberrian jaso zituzten 500 sinadurak ere.  "Udalak iazko urte hasieran eskatu zuen geldialdi hori egiteko, Muntsaratzeko herritarren aldetik benetako eskaera zegoela iritzita. Hasiera batean, Bizkaiko Foru Aldundiak eskaera atzera bota zuen, geldialdi hori gehitzeak zerbitzua okertuko zuela argudiatuz. Hala ere, Abadiñoko Udalak behin eta berriro eskatu ostean eta bi erakundeen arteko bileren ostean, Aldundiak aldaketa egitea onartu du", azaldu du Mikel Urrutia alkateak.

Hori horrela, Muntsaratzeko geldiaren inguruan balorazio positiboa egiten dutela azaldu dute. Hala ere,  zenbait alegazio ere egin dituztela jakinarazi dute. Hauek dira horietako batzuk: A3911 linea eskola orduetan indartzea, Zelaietako eta Muntsaratzeko ikasleek Traña-Matienako institutura joateko izaten dituzten arazoak direla eta; Durangaldea Zamudioko Parke Teknologikoarekin eta Loiuko aireportuarekin hobeto lotzea; San Blas azokan errefortzu bereziak jartzea; eta asteburuetan Bizkaibusen gaueko
zerbitzua zabaltzea, ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko eta gazteen mugikortasuna errazteko. Era berean, Bizkaibusen proposamen berriak Zabalburu eta La Casillako geralekuak kentzen dituela ikusita, Durangaldea eta Bilbo lotzen dituzten lineetan bi geraleku horiek mantentzeko eskatu du udalak. "Lanean jarraituko dugu Abadiñok eta abadiñarrek garraio publiko duin bat izateko", gehitu du Edurne Maguregi alkateordeak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!