"'Agur agur ilargira noa' abestiaren grabazioa herritik eta herriarentzat sorturikoa da"

Anboto 2026ko maiatzaren 19a

Ezkerretik hasita, Endika Zarrabeitia, Terese Sagarna, June Rementeria eta Miriam Uria.

1979tik hona, San Trokaz jaiei amaiera modu kurioso batean ematea da ohitura Abadiñon. Abadiñoko jai nagusietako Gerbas panpina aireratu egiten dute, santrokazetako pertsonaia maitatuari amets egiteko aukera ematen diote, hegaz irtetekoa. Julian Agirre Zubizarretaren omenez sorturiko pertsonaia da Gerbas, abadiñarren bizitzan iltzatuta geratu dena, eta, aireratze hori borobiltzeko, Agur agur ilargira noa doinu herrikoia berreskuratu, grabatu eta jaien amaierako ekitaldian abestuko dute. 

Gerbas aireratzen den unerako abesti bat sortu duzue. Zelan sortu da ideia hau?
Endika Zarrabeitia: Sortu baino gehiago, moldatu egin dugu. Jose Luis Zarrabeitia 'Urtain' osaba hil zenean bideo bat heldu zitzaigun etxera. Bertan, osaba kanta herrikoi hau abesten ageri zen, herriko ume batzuekin; "Agur agur ilargira noa". Miriami erakutsi nion eta abestia txistuagaz jotzeko ideia proposatu zidan. Osabaren omenaldi egunean jo zuten abestia. Eta orduantxe bururatu zitzaigun: zergaitik ez abesti hau Gerbasegaz lotu? Guk Gerbas zerura botatzen dugu, ilargira. Horretan hasi ginen orain urte bi.
Miriam Uria: Gerbas aireratzerako unean, txistulariok oholtzara igo eta abesti hau jotzen hasi ginen, baina inortxo ere ez zen konturatu zein abesti zen, zergaitik jo genuen pieza hura, eta zeozer egin behar genuela bururatu zitzaigun.
E.Z.: Bai, eta argi geneukan jende gazteak parte hartu behar zuela honetan, gazteak izan behar zirela protagonista.
M.U: Herriko gazte mordoa dago musika ikasten, baina ez dute aukera izaten jaietan jotzeko. Eta asko ezagutu ere ez genituen egiten. Zein musika-tresna jotzen zuten kontuan hartu, eta Aritz Labradorri partituren moldaketak egiteko eskatu genion. Behin partiturak eskuetan, handik eta hemendik musikari gazte mordoa batu genuen grabaziorako.  
E.Z.: Herri osoko musikari gazteak batzen ahalegindu gara, auzo guztietakoak. Agur agur ilargira noa abestiaren grabazioa herritik eta herriarentzat sorturikoa da.

Eta, azkenean, proiektuak argia ikusi du. Zelakoak izan dira prozesua eta emaitza?
M.U: Hasiera zoramena izan zen, baina gero nahiko erraz joan da dena. Jende askok parte hartu du eta oso polita izan da. 
E.Z.: Hau guzti hau borobiltzeko, gauza bakarra faltako litzateke, abestiaren grabazioan parte hartu duen talde zoragarri honek egunean bertan zuzenean jo ahal izatea. Denak elkartu eta batera jotzea Gerbas aireratzen dugun bitartean.
M.U: Aurten hori egitea ezinezkoa izango da, zuzendari bat beharko genukeelako, denbora entseatzeko... Baina etorkizunerako hori oso polita izango litzateke. 
E.Z.: Domekan musika aparatu batetik entzungo dugu abestia, baina argi dugu gerora begira gazte musikariek oholtzan joko dutela, eta protagonista bihurtuko direla Gerbasegaz batera.  

Terese eta June, zuentzat zelako esperientzia izan da estudio batean abesti bat grabatzea?
Terese Sagarna: Oso esperientzia polita izan da, oso ondo ibili ginen. 
June Rementeria: Polita eta dibertigarria, grabazioan oso ondo pasatu genuen. 

Beste ezer gehitu gura duzue?
E.Z.: Ohore handia izan dela grabazio hau egitea, eta partaide guztiei eskerrak eman gura dizkiegu. Baita Jaizale taldeari ere. Azken batean, guk proiektu hau gauzateko dirua udaletik jaso dugu, baina Identifikazio Fiskaleko Kode bat behar genuen horretarako, eta ez geneukan. Jaizalekoek euren kodea eman ziguten eta euren laguntzarik barik ezingo genuen hau egin.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!