Atxarteko harrobien etorkizuna abadiñarrekin erabakitzeko saioa

M.Z. 2026ko maiatzaren 21a

Atxarteko harrobiak berreskuratzeko eta haien balioa azpimarratzeko prozesua azken fasean sartzear da, eta, horretarako, datorren eguenerako, maiatzak 28, tailer parte hartzaile bat antolatu dute. Abadiñoko Probalekuan izango da. Udalak jakinarazi du ekitaldi hau funtsezkoa izango dela abadiñarren eta inguruko herritarren ikuspegia eta ekarpenak jasotzeko, eta baita etorkizuneko Atxarte zelakoa izango den zehazteko ere. 

Tailerrak hiru helburu nagusi izango ditu. Lehenengoa Atxarteko harrobien berreskurapenerako landu diren alternatibak aurkeztea. Bigarrena herritarren iritzia jasotzea eta proposamenek duten babes maila aztertzea. Eta hirugarrena proposamenek sortu ditzaketen kezkak edo erresistentziak identifikatza, konponbide adostuak eraikitzeko. 

"Maiatzaren 28koa aukera paregabea da Atxarteren etorkizuna modu paregabean irudikatzeko. Proiektu hau denon artean eraiki gura dugu eta herritar guztiei dei egiten diegu ekitaldira etortzeko", azaldu dute udal ordezkariek. 

Saioan parte hartzeko izena eman behar dela jakinarazi dute; hemen egin behar da. Bestalde, saiora bertaratu ezin dutenek, beren ekarpenak egin ahalko dituzte azaldu dute, honako galdetegi hau beteta. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!