Gaur arratsaldean Itzulia Women lasterketako bigarren etapa aurkeztu dute Abadiñon. Munduko txirrindulari onenak batuko dituen lasterketa maiatzaren 15ean hasiko da Zarautzen, eta maiatzaren 17an amaituko da Donostian. Bigarren etapa baina Durangaldean jokatuko da, maiatzaren 16an. Abadiñon izango du irteera zapatuko lasterketak eta amaiera Zornotzan. Txirrindulariak udaletxe aurretik irtengo dira 9:30 inguruan eta Trabaku, Milioi, Natxitua, San Pelaio eta Aretxabalgane igo ostean, Zornotzan izango dute helmuga 13:30ak aldera. Guztira 138 kilometro burutu beharko dituzte.
Parte hartzeari dagokionez goi mailako taldeen parte hartzea aurreikusten da. "Aurretiko izenemateak eginda daude eta parte hartze oso ona espero dugu. Jendeari errepide bazterrera irtetzeko deia egiten diegu. Goi mailako txirrindularitzaz gozatzeko aukera paregabea egongo baita", esan du Alaitz Biritxinaga lasterketako zuzendariak.
Honako talde hauek parte hartuko dute lasterketan: AG Insurance Soudal Team, Canyon-Sram Zondacrypto, EF Education Oalty, FDJ United-Suez, Fenix-Premier Tech, Human Powered Health, Lidl-Trek, Liv-Alula-Jayco, Movistar Team, Team Picnic Postnl, Team SD Wordx-Protime, UAE Team ADQ, Uno-X Mobility, Cofidis Women Team, Hitec Products-Fluid Control, Laboral Kutxa, MA Petite Entreprise, ST Michel-Preference Home Auber93 eta Vini Fantini-Be Pink.
Goi mailako txirrindulariez osatutako aurkezpena
Goi mailako parte hartzeaz gain, aurkezpena bera ere goi mailako kirolariekin osatuta egon da. Aurkezpenean Abadiñoko eta eskualdeko etorkizuneko txirrindulariez gain, herriko zenbait txirrindulari ohi egon dira: Eneritz Iturriaga, Felix Iturriaga, Javier Elorriaga, Pedro Horrillo, Mikel Zarrabeitia eta Juanan Zarrabeitia, besteak beste.