Abadiñoko Udalak iragarri du martxan ipini duela herriko nagusien egoitzak hobetzeko proiektu bi idazteko prozesua. Alde batetik, Traña-Matienako jubilatuen egoitza handitzeko proiektua dute esku artean. "Gaur egungo instalazioek ez diete eskariei behar den moduan erantzuten. Eskaera aspalditik datorren arren, orain arte ez da proiekturik gauzatu. Beraz, lehenengo urratsa emango dugu", azaldu du udalak.
Lehenengo urrats horretan pauso hauek emango dituztela jakinarazi dute: handitze proiektua diseinatzea, beharrezko aurrekontua zehaztea, eta, ondorengo fase batean, lanak gauzatzeko diru partida definitzea.
Beste aldetik, Zelaietako jubilatuen taberna eraberritzea dago. Udalak azaldu du legegintzaldi agendako konpromiso bat dagoeneko bete dutela, ingurunea hobetzea. "Lehen, trafikoa tabernaren sarrera nagusiaren aurretik pasatzen zen; gaur egun, ostera, eremua oinezkoentzat gertatuta dago eta horrek espazioaren bizitasuna, segurtasuna eta irisgarritasuna nabarmen handitu ditu", azaldu du udalak.
Hurrengo pausoa tabernaren barrualdea egokitzea izango dela jakinarazi dute. "Instalazioak zaharkituta daude, batez ere zorua eta komunak. Proiektu berriak alderdi horiek eta beste hainbat hobekuntza jasoko ditu, espazioa eguneratzeko eta erabiltzaileen beharrizanetara egokitzeko", gaineratu dute.
Gaineratu dute proiektuak diseinatzeko egitasmoa Hirigintza Batzordean jorratu dutela, eta proiektuaren diseinua parte hartzailea izango dela.