Tornosolo trinketeak GRABNI txapelketako lau final hartuko ditu barikuan

Anboto 2026ko apirilaren 29a

Final denak Bizkaian jokatuko dira, federazioaren mendeurrena ospatzeko. 

Aurten Bizkaian jokatuko dira GRABNI txapelketako finalak, apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean. Azken urteetan, federazio guztien arteko adostasunari esker, finalak Gasteizen ospatu izan dira. Bizkaiko Eusko Pilota Federazioak bere mendeurrena ospatzen duela da finalak Bizkaira ekartzearen arrazoia, Euskadiko Piolota Federazioak ohar batean jakinarazi duenez.

Abadiñoko Tornosolo trinketeak lau final hartuko ditu barikuan, 16:00etatik aurrera. Gazte mailan Nafarroak eta Iparraldek neurtuko dituzte indarrak; 22 urtez azpikoan, Iparraldek eta Bizkaiak; buruz buru, Arabak eta Errioxak, eta, eskuz binaka, Bizkaiak eta Iparraldek. 

Abadiñoz gainera, Sestao, Bilbo, Barakaldo, Berriatua, Galdakao, Larrabetzu, Markina-Xemein eta Zierbenan jokatuko dira finalak.

Lehiaketaren azken fasean Bizkaiak eta Nafarroak presentzia nabarmena izango dute, ezker paretako final kopuru handienarekin. Datu orokorrei erreparatuta, Bizkaiak 32 final jokatuko ditu ezker paretan eta 4 trinketean; Nafarroak, berriz, 28 ezker paretan eta 10 trinketean. Gipuzkoak 22 final izango ditu ezker paretan eta 5 trinketean; Iparraldek 2 ezker paretan eta 11 trinketean; Arabak 4 ezker paretan eta 3 trinketean; eta Errioxak 2 ezker paretan eta 1 trinketean.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!