Herritarren 229 ekarpenegaz Abadiñoko Etxebizitza Planaren gako nagusiak identifikatu dituzte

M.Z. 2026ko apirilaren 29a

Behin hasierako diagnostikoa eginda, udal teknikariekin, udal taldeekin eta herritarrekin saioak egitea aurreikusten dute. Ostean, Abadiñoko etxebizitza-mahaia eratzea da asmoa. 

Urte hasieran, urtarrilean, ekin zion Abadiñoko Udalak Etxebizitza Plana lantzeko prozesuari. Etxebizitzaren arloan dauden erronka eta beharrizan nagusiei modu integralean , koordinatuan eta erralistan erantzuteko asmoz abiatu zuten prozesua. Hori horrela, gaur goizean, Ander Zangitu Hiritik At enpresako arkitektuak plana gauzatzeko egindako diagnostikoko emaitzak plazaratu ditu. 

Hiritik At enpresako kideak jakitera eman duenez, martxoan inkesta bat egin zuten eta herritarren erantzuna "ona" izan zen; parte-hartze maila nabarmena izan da, eta beraien ekarpenak "oso positiboki" baloratzen dituzte.

Inkestan 229 herritarrek parte hartu zuten, horien artean, emakumeen presentzia nagusiki handiagoa izan zen (%57,9). "Jasotako informazioaren zati handi bat emakumezkoen ikuspegitik eraikia dago, eta, hori, bereziki esanguratsua da etxebizitza-beharren analisian, kontuan hartuta generoaren arabera desberdintasun esanguratsuak egon ohi direla etxebizitza eskuratzeko aukeretan, zaintza-kargaren banaketan edo emantzipazio-prozesuetan", azaldu du Zangituk. 

Inkestaren emaitzei dagokienez, etxebizitzaren arazoa Abadiñon izaera estrukturala duen fenomenoa dela esan dute. "Oro har, biztanleriaren zati handi bat etxebizitza egonkorretan bizi bada ere, bada kolektibo esanguratsu bat etxebizitza eskuratzeko edo egungo egoera egokitzeko zailtasunak dituena", jarraitu du arkitektoak. Horrez gain, egun Abadiño %29ko emantzipazio maila dagoela eta hau "nahiko baxua" dela gaineratu du. 

Eta etxebizitzaren arazoaren pertzepzioari dagokionez, hiru elementuk osatzen dutela arazoaren nukleo nagusia adierazi dute;  prezio altuak, alokairu eskuragarriaren falta eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunak.

Diagnostikoko datu guztiak kontuan hartuta, aurrera begirako bide orria markatuta dutela adierazi dute gobernu taldetik. “Emaitza horiek erakusten dute etxebizitza politiketan gogor lan egiten jarraitu behar dela etxebizitza eskuratzeko zailtasunei erantzuteko; bereziki, gazteen artean. Beharrezkoa da alokairuaren eskaintza eskuragarriagoa eta udalerriko errealitate desberdinetara hobeto egokitutako eredu baterantz aurrera egitea”, esan dute udal gobernu taldeko kideek. 

Hori horrela, eta identifikatutako ardatzak garatzeko proposamen zehatzak landuko direla esan dute; udal teknikarikiekin, udal taldeekin eta herritarrekin saioak egingo dira eta horrez gain, Abadiñoko etxebizitza-mahaia eratzea aurreikusten dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!