[ARGAZKI GALERIA]: Hamaiketarteren lehenengo jardunaldiak 152 lagun batu ditu

E.H. 2026ko apirilaren 27a

Abadiñoko De Norte a Sur taldeak dantza, kirola eta hamaiketakoa batu zituen atzo. Traña-Matienako erabilera anitzeko gelan bizimodu osasuntsuaren aldeko jardunaldi arrakastatsua egin zuten. Beste hitzordu bi ere iragarri dituzte. 

"Zoriontasuna landu beharreko zerbait da, hori delako, hain zuzen ere, garrantzitsuena". Alicia Gallardo De Norte a Sur taldeko arduradunak berba horiekin deskribatu du atzoko Hamaiketartea. Atzoko jardunaldian dantza eta kirola batu zituzten 152 herritarrek, eta, jakina, jardunaldiaren izenari gorazarre eginda hamaiketakoa jateko tartea ere hartu zuten. Gallardo eta antolatzaileak pozarren daude emaitzarekin: "Dantza egiterakoan sinkronozatu egiten da bihotza. Hori frogatuta dagoen zerbait da. Eta hori lagunartean egiten duzunean, talde handi batekin egiten duzunean, lotura horiek sentitu egiten dira", azaldu du abadiñarrak.

Atzoko jardunaldiko partaiderik txikienak lau hilabete eskas zituela jakinarazi dute, eta nagusienek 90 urtetik gora zutela. Horrek, hain zuzen ere, kirola eta dantza edozein adinetarako plan aproposak direla erakusten du. Halaber, Gallardok Monica Iglesias eta Rafa Bilbao zinegotziak eskertu ditu, "hasiera-hasieratik sinetsi dutelako proiektuan". Aurrera begira, Hamaiketarte egitasmoaren edizio berri bi egingo dituzte. Zelaietan izango da bata, Probalekuan, maiatzaren 31n, 10:00etan. Eta Astolako futbol zelaian bestea, ekainaren 28an, 10:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!