Ekainaren 13an Gernikako Arbola Urkiolan abestera deitu dute

Ekaitz Herrera 2026ko apirilaren 23a

Joan zen asteburuan Urkiolako harrian batu ziren Gernikako Arbola abesteko. PATXI GAZTELUMENDI

Gernikako Arbola Kantuz Elkarteak ia sei urte egin ditu Joxemari Iparragirreren abesti entzutetsua Euskal Herriko ereserki izan dadin lanean. Eta bide horri jarraituta, ekainaren 13an, Urkiolako San Antonio eguneko ferian, beste mugarri bat ipiniko du: elkarteak herritarrak deitu ditu santutegi pareko harrian batzera eta kantua abestera.

Egitasmoa ez da ausazkoa, ezta kasualitatea ere. Joxemari Iparragirrek Urkiolan bertan abestu zuelako Gernikako Arbola, Euskal Herrian lehenengoz, 1854ko sanantonietan, ekainaren 13an. 

Hitzordua bultzatzen dabilen kideetariko bat Patxi Gaztelumendi da, Gernikako Arbola Kantuz Elkarteko laguntzailea eta Urkiolako Hoteleko natur eta kultur ekitaldien dinamizatzailea. Dioenez, ekainaren 13koa "urteroko hitzordu" bihurtu gura dute: "Proposamen hori adostu genuen joan zen asteburuan, Urkiolako Hotelean egindako topaketan. Eta proposamen hori egingo diegu Abadiñoko Udalari, inguruko elkarteei, musikariei, abesbatzei, dantzariei. Urkiolara etorri eta denok batera abestekoa”. Gaztelumendik gogoratu duenez, Iparragirrek sei mila lagunen aurrean abestu zuen 1854 hartan: “Jar dezagun berriro ere bogan sasoi hartan hita izan zena”, egin du gonbita. 

 

 

Babes zabala

Gernikako Arbola ereserki bihurtzeko dinamikak egun-pasa egin zuen joan zen zapatuan, Urkiolako Hotelean. Egitasmoaren bultzatzaileak elkarrekin abesteko, bazkaltzeko eta aurrera begirako pausoak emateko batu ziren. "Euskal Herriko lurralde guztietako herritarrak batu ginen, Baigorritik Tafallara", jakinarazi du Gaztelumendik. Tartean egon ziren, besteak beste, Gontzal Mendibil abeslaria, Laura Mintegi eta Edorta Jimenez idazleak, Jose Mari Esparza Txalaparta argitaletxeko kidea, Orreaga Fundazioko kideak eta Antton Mari Aldekoa-Otalora iurretarra. Halaber, EH Bilduko eta EAJko ordezkariak ere egon ziren: Ima Garrastatxu eusko legebiltzarkidea eta Adolfo Araiz parlamentari nafarra eta Koldo Viñales Manuel Irujo fundazioko presidentea. Aniztasun horren harira, Gernikako Arbola ereserki "historiko eta adostu" izan daitekeela iritzi dio Gaztelumendik: "Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak badute ereserkia. Nafarroak ere badu berea. Baina Gernikako Arbola denek erabili dute: komunistek, anarkistek, sozialistek, abertzale batzuek zein besteek. Horrenbestez, denon ereserki historiko eta adostua izan daiteke", hausnartu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!