Zerk eraman zintuen ardi txakurren mundura? Betidanik datorkizun afizioa da ala gerora sorturikoa?
Beti izan dut afizioa. Aita artzaina zen eta 13 urtegaz banituen nire ardurak artaldeagaz. Gero neure kontura ipini nituen ardiak baserrian, eta ardi txakur txapelketetan hasi nintzen. Anaia epaimahaiko kidea zen Gerediaga elkarteak antolatutako Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketan, eta hari jarraituta hasi nintzen. Baserria utzi genuenean ardiak ere kendu genituen, baina txapelketetan jarraitu nuen. Gerora, jubilatu ondoren, semeak orain dudan artaldea ekarri zidan, entretenimendurako eta txakurragaz entrenatzeko.
Zelan prestatzen dituzu txakurrak txapelketetan lehiatzeko?
Egunero lan egin behar da txakurragaz. Orduak sartu behar dira beragaz, aurrera eta atzera kilometroak egin. Era berean, txakurrari berak egin gura duena egiten ez uzten ahalegindu behar da, eta hori gatxa da. Artzainak gura duena eta gura duen eran egin behar du txakurrak, baina beti ez du jaramonik egiten, jakina.
Artzaintza afizioa ala bizitzeko modu bat da zuretzat?
Gaur egun, afizioa. Baina sarritan esan dut 18-20 urte banitu eta aukera banu ardiak ipiniko nituzkeela, bizitzeko modu lez. Badakit ez dena erraza, baina egingo nuke ahalegina. Lasaitasun handia eta naturagaz bat egiteko aukera ematen dizkit.
Bizkaiko eta Euskal Herriko ardi txakur txapelketetan ikusi zaitugu. Zelan sortzen da artzainaren eta txakurraren arteko lotura?
Berba eta laztan asko eginda.
Baduzu gogoan momentu berezirik?
Ez. Ondo joan zait txakurrekin. Bizkaian oso txakur onak daude eta txapelik lortu ez dugun arren aurre-aurrean ibili gara. Birritan parte hartu dut Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketan, eta behin nazioartekoan. Herrialde Katalanetako, Frantziako eta Euskal Herriko artzainek eta txakurrek parte hartzen dute azken horretan. Horra heldu egin behar da eta poz handia eman dit han egoteak.
Euskal Herriko Artzain Txakurren Txapelketa Antolatzaileen Elkarteko (EHATE) kidea zara eta arrazaren hazlea. Euskal ardi txakurra babestea duzue helburu?
Ardi txakurra bultzatzen lan egiten dugu. Artzainei erraztasunak ematen dizkiegu txakurrak lortzen, haiekin lan egin dezaten ardiak eta ganadua gobernatzeko. Euskal ardi txakurrak berezko abilidadeak ditu artzaintzarako, eta aprobetxatu egin behar dira.
Badator belaunaldi berririk artzaintzan eta txapelketetan aritzeko?
Bai, badator artzain gazteen belaunaldi bat. Eta txakur txapelketetan ere badabiltza batzuk. Hala ere, beteranoen aurrean apur bat kikildu egiten direla diote. Artzain eta euskal ardi txakur hasiberrientzat txapelketa edo saioak antolatu gura ditugu aurten.
Baduzu gomendiorik?
Plazagizona edo plazandrea izatea. Txapelketan lasaitasuna mantentzea oso garrantzitsua da, eta aginduak etxean egiten dugun moduan ematea.
Erretiratzea pentsatu duzu?
Txakurrek jarraitzen didaten bitartean jarraituko dut.
MOTZEAN
Ardi txakurrak derrigor behar du...
Ardiekin jarduteko afizioa.
Aginduetarako ahotsa ala txistua?
Biak.
Lehiatzeko plazarik onena?
Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketa.
Entrenatzea ala sena?
Sena lehenen, baina entrenatzea ezinbestekoa da.