Abadiñoko herritar talde bat Energia Berriztagarrien Komunitatea sortzeko batu zen 2023an, eta bilerak eta aurkezpenak egin eta gero, udalaren atea jo zuen proiekturako sostengua eta bultzada eske. Orain, udala Energi Komunitate horretara batu da. Udalbatzako alderdi politiko aho batez erabaki dute bertara batzea.
Komunitatea eratuta dago jada: Abadiñoko Energia Berriztagarrien Komunitatea du izen osoa, eta kooperatiba izaera du. Horri eskerrak, proiektuan udalerriko komertzioek, herritarrek, enpresa txikiek eta udalak berak esku hartzeko aukera izango dute. Energia berriztagarria ekoitzi bitartean hura kontsumitu ahal izango dute. Udala eskubide osoko bazkide kontsumitzailea izango da. Eta horrenbestez, eguzki plakak instalatzeko teilatuak lagako ditu, eta eraikin publikoak tokiko energia berriztagarriagaz hornitu. Halaber, faktura elektrikoa murrizteko eta egoera zaurgarrian daudenentzako energia hornitzeko helburuak ere baditu proiektuak.